Ezingo da kamiseta barik ibili Mundakako kaleetatik
Era berean, debekatuta egongo da eguzkia bainujantzian hartzea titulartasun publikoko berdeguneetan edota aisialdirako guneetan.
Mundakako Udalak bizikidetza sustatzeko eta bermatzeko udal ordenantzaren artikuluetako bat aldatzea erabaki zuen azken osoko bilkuran, 32. artikulua, hain zuzen ere.
Aldaketa onartu ostean, aurrerantzean ezingo da bide publikotik kamiseta barik edo bainujantzian ibili. Era berean, debekatuta egongo da eguzkia bainujantzian hartzea titulartasun publikoko berdeguneetan edota aisialdirako guneetan, hala nola, Talan edo Txorrokopuntan.
Gogorarazi dutenez, ordenantzak udalak bultzatzen dituen bizikidetza politikaren ildo nagusiak aurkezten ditu, eta pertsona guztien askatasunaren, duintasunaren eta eskubideen errespetuan dago oinarrituta. Aipatu ordenantza 2014. urtean onartu zen.
Udal arduradunek azaldu modura, aldaketa horien helburua da udan ere espazio publikoa bizikidetzarako eta gizalegerako leku modura gordetzea, “pertsona guztiek askatasunez egin ahal izateko aisialdiko, elkartzeko edota jolaserako jarduerak”.
Aldatu duten ordenantzak espazio publikoan bizikidetza eta gizalegea sustatzera bideratutako neurriak arautzen ditu, babestutako ondasun juridikoak zeintzuk diren identifikatzen ditu, kasuan kasuko jokabide arauak aurreikusten ditu eta herritarren bizikidetza eta espazio publikoko ondasunak asaldatu, kaltetu edo hondatu ahal dituenak zigortzen ditu.
Era berean, Mundakako Udalak jakitera eman duenez, udal ordenantzak eremu publikoko jokabide arauak, arau hausteak, zehapenak eta esku hartzeak ezartzen ditu.