Astrako babeslekua estali gura du Gernika-Lumoko Udalak
Tokiko-administrazioak obrak ekitaldi honetan egitea aurreikusi du, bonbardaketaren 85. urteurrenerako ireki ahal izateko. Lanokin Gernikako ondarearen parte den eraikina babestu gura du udalak.
1937ko apirilare 26an Gernika-Lumo bonbardatu zutenean, hainbat herritar babestu ziren Astra arma fabrikaren aurrean zegoen babeslekuan. Hamarkada batzuk geroago, babeslekua berreskuratu zuten eta bisitetara ez ezik, erakusketetara edota kultur ekitaldietara ireki. Babeslekuaren egoera, baina, “ez dela egokiena” dio Jose Mari Gorroño alkateak, eta udalak azpiegitura hori babesteko erabakia hartu du, “bunkerraren kontsebazio hobea bermatzeko”.
“Bonbardaketaren aurreko Gernika-Lumoko aztarna bakarrenetakoa da, eta baldintzarik onenetan mantendu nahi dugu. Ez bakarrik babestutako eraikina delako, baita gure ondarearen parte delako ere“, nabarmendu du Gorroñok.
Alkateak aurreratu duenez, proiektu batek bazekitena berretsi duelako hartu dute erabakia: “Bunkerrak hezetasuna dauka, eta bere egoera ez delako egokiena hartu dugu erabakia”. Auschwitz-Birkenau Museoak antolatutako Auschwitz-i buruzko erakusketa babeslekuan jarri zutenean ohartu zen tokiko administrazioa azpiegiturak dituen gabeziez: “Orduan ohartu ginen antolatu nahi dugun edozein erakusketa kaltetu zezakeela babeslekuaren egoerak”.
Hori dela eta, babeslekua estaliko duen proiektua jarriko dute martxan. “Babeslekuaz gain, azalera handiagoa hartuko luke eremuak, 200 metro koadro ingurukoa, eta gune berean egongo da kokatuta”. Gainera, estalitako azalera handiagoa izateak kultur jarduerak “erosoago” egiteko aukera emango duela uste dute udal arduradunek.
Gorroñok jakinarazi duenez, proiektuaren kostua zein izango den ez dakiten arren, tokiko-administrazioak obrak ekitaldi honetan egitea aurreikusi du, bonbardaketaren 85. urteurrenerako ireki ahal izateko.