Amaia Zabala eta Irati Zuntzunegi saritu dituzte R.M. Azkue lehiaketan
Guztira 353 partaide aurkeztu dira, eta epaileek azpimarratu dutenez, "lan sakonak eta ausartak" aurkeztu dituzte, eta "bizitza kontatzeko grina" sumatu dute.
Aurten ere, Euskaltzaindiak antolatzen duen Resurreccion Maria Azkue Literatur Lehiaketan sariak lortu dituzte bertoko gazteek. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastolako DBH 2. mailako Amaia Zabala eta Irati Zuntzunegi saritu dituzte sariketan; Zabalak bigarren saria jaso du olerkigintzan eta Zuntzunegik aipamen berezia.
Urtero legez, bi genero saritu dituzte aurten ere: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzeko parte hartzaileak, halaber, bi mailatan banatuta parte hartu dute: A mailan, 10 eta 13 urtera bitarteko gazteak batu dituzte, eta B mailan, berriz, 14 urtetik 17 urtera bitartekoak.
Zabala eta Zuntzunegi A mailan saritu dituzte. Zabalaren Bidaian olerkiagatik eta Zuntzunegiren Ez naiz hiltzearen beldur narrazioagatik hain zuzen.
Euskaltzaindiak eta BBKk 1991etik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Aurtengo lehiaketan bizitzari eta itxaropenari idatzi diote gazteek, eta guztira 353 partaide aurkeztu dira. Epaileek azpimarratu dutenez, “lan sakonak eta ausartak” aurkeztu dituzte, eta “bizitza kontatzeko grina” sumatu dute.
Sariak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan banatu zituzten atzo, eta bertan egon ziren Andres Urrutia euskaltzainburua eta Koldo Bilbao BBKren Kultura arloko arduraduna. Urtero legez, irabazleak zoriondu zituen Urrutiak, eta azpimarratu zuen Euskaltzaindiak “euskal letrak sustatzen” jarraituko duela etorkizunean, “gazteen artean euskarazko literaturaren harra piztu nahian”.
Bilbaok, bere aldetik, “harrobia lantzen” dabiltzala agertu zuen: “Etorkizuna bermatuko digun harrobia lantzen gabiltza, harrobirik gabe etorkizuna baino ez zaigulako geratzen. Bertsolaritzan, arte plastikoetan, antzerkigintzan edo eta musikan, harrobiak ardatz eta helburu behar du izan BBKrentzat”