Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilua Ekoetxea Urdaibain batu da gaur
Busturiko Udaleko zinegotzi Itziar Zabalak egin dio harrera Iñigo Urkullu lehendakariari.
Ekainaren 5ean (zapatua) Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Horren harira, eta beste urte batzuetan egin modura, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean batu da gaur. Hain zuzen ere, Busturiko Madariaga Dorretxean kokatuta dagoen Ekoetxea Urdaibain egin dute martitzeneroko bilera.
08:30ak aldera iritsi da Lehendakaria Ekoetxea Urdaibaira, eta Itziar Zabala Busturiko zinegotziak egin dio harrera. Gobernu Kontseiluan bildu orduko, orain dela gutxi zabaldu duten Ekoetxearako oinezkoentzako sarbide berritik ibili dira. Martxoaren amaieran zabaldu zuten egurrezko pasabideak Busturiko San Bartolome auzoko autobus geltokia eta Ekoetxea Urdaibai lotzen ditu. Biosfera Erreserbaren eremurako sarbidea “errazteaz” gain, Ekoetxea Urdaibairen kanpoaldea paisaia pedagogiko gisa birformulatzeko eta natura eta biodibertsitatea ezagutzeko eremu bihurtzeko proiektu baten barruan kokatzen da pasabidea.