Jarduerak gauerdira arte luzatu daitezke bihartik aurrera
Aire zabaleko kirol jarduerak baimendu ditu Jaurlaritzak; beste zenbait neurri malgutzearen erabakia atzeratu du, egoerak hobera egin arte
LABIren Aholku Batzordeak aire zabaleko kirol-jarduerak malgutzea eta jarduerak eteteko ordutegia zabaltzea erabaki du, LABIren Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta Biziberri III Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak aintzat hartuta.
Dekretu berriaren arabera, indarrean dagoen dekretuan jasotako neurri nagusiak mantenduko dira, baina aire zabaleko jarduerak eta jarduerak eteteko ordutegia malgutuko dira. Hala, beste neurri batzuen arintzea atzeratzea erabaki duela jakinarazi du LABIren Aholku Batzordeak, eta egoerak hobera egiten duenean hartuko dituztela erabakiak.
NEURRI BERRIAK
Dekretu berriak bost aldaketa jasotzen ditu indarrean dagoen Dekretuan jasotako neurriei dagokienez:
- Aire zabaleko kirol-jarduera pertsona-kopurua mugatu gabe egin ahal izango da;
- Establezimenduak ixteko eta jarduerak eteteko ordutegia gaueko 12:00-ak arte luzatzen dira;
- Garraio publikoaren irteteera ordutegia gaueko 12:00-ak arte luzatu daiteke;
- Aisialdiko taldeak gehienez 10 lagunekoak izango dira, betiere egonkorrak direla bermatzen bada;eta
- Aire libreko erakusketa eta gune turistikoetako bisitetan taldeak 10 lagun artekoak izan litezke.
Irizpide horien jarraipena eta ebaluazioa etengabea izango da, eta 20 eguneko epean berrikusiko da, aldez aurretik edozein berregokitze egitea beharrezkoa ez bada.
ATZERATZEA ERABAKI DUTEN NEURRIAK
LABIren Aholku Batzordeak zuhurra izan nahi du, eta honako neurri hauen aplikazioa atzeratzea erabaki du, osasun zerbitzuen okupazio neurria eta ZIUen ohe erabilpena bigarren agertokira jaitsi arte edo intzidentzia-tasa 150 kasuen azpitik kokatu arte.
Bilakaera horrek baldintzatutako 9 neurri dira:
– Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegiak gaueko 01: 00etara luzatzea.
– Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea.
– Ekitaldietarako gehieneko edukiera handitzea: 600 barnealdean eta 800 kanpoan.
– Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.
– Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegia, edukiera eta distantzia mugekin.
– Barruko esparruetan kirol-jarduera ahalbidetzea, gehienez 10 pertsonako taldeetan.
– Kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea. Beti % 60ko edukierarekin, eta gehienez 800 pertsonako edukierarekin barnealdean edo 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.
– Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi-zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea.
– Edukiera % 60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldean.