Garoa Martinez Euskadiko txapeldun
86 kilo altxatu ditu kolpe batean, eta 104 kilo bi kolpetan. Ekainaren 12an lehiatuko du Espainiako txapelketa.
Hirugarrenez irabazi du Garoa Martinez bermeotarrak Halterofiliako Euskadiko txapelketa. Erandioko Kluba Crosffit Allironen jokatu zen Euskadiko Bakarkako eta Federazioen txapelketa, zapatuan.
Euskadiko txapelketara ondo prestatuta joan dela dio bermeotarrak, hortaz, “ez zuen gutxiago espero”. 86 kilo altxatu ditu kolpe batean, eta 104 kilo bi kolpetan. “Gehiago” altxatu ahal duela dio bermeotarrak, eta Espainiako txapelketan gehiago altxatzea espero du.
Espainiako Halterofiliako txapelketa ekainaren 12an jokatuko da Molins de Rein (Bartzelona): “Euskadikoak balio izan dit burua prestatzeko. Kalitatezko txapelketa egin gura izan dut, bi aste barru, Espainiako txapelketan hori buruan izateko. Irabaztea da nire helburua, benetan egin ahal dudan zerbait delako. Aurten, ondo prestatuta nago. Nire markak egiten baditut, txapeldun geratu naiteke”.