'Egunek kontetan', errolda soziala bultzatzeko bideoa egin du OOEE Busturialdeak
Etorkin eta errefuxiatuentzat erronda eskuratzea zein garrantzitsua den erakusten duen 'Egunek kontetan' bideoa kaleratu du Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdeak.
Errolda soziala sustatzearen alde egin du Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdeak. Bideo baten bitartez, etorkinentzat errolda eskuratzea zein garrantzitsua den plazaratu dute. Ikus-entzunezkoa Ongietorri sareak Euskal Herri osoan abian jarri dituen hainbat iniziatiben testuinguruan eta Pertsona Guztientzako Eskubide Guztiak mugimendua babesteko asmoz kaleratu dute asteon.
Egunek Kontetan ikus-entzunezkoan azaldu modura, errolda da oinarrizko eskubide askoren giltzarria. Hain zuzen ere, osasuna, hezkuntza edo gutxieneko eskubide sozialak onartzeko ezinbestekoa da errolda izatea, baina Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdeak salatu duenez, “pribilegio antzeko bat” bihurtzen ari da azken urteetan: “Bermatuta egotetik gero eta urrutiago dago erroldatzeko aukera pertsona migratzaile eta errefuxiatuen kasuan”.
Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdearen aldarrikapen nagusia “herritar guztiak erroldatzea entitate publikoen ardura” dela salatzea da, baina errolda soziala lortzeko bestelako modu batzuk badaudela gogoratu dute: “Arduradunen ez egitearen aurrean, herri iniziatiba aktibatzea dagokigu. Ez dugu bigarren plano batean utzi gura erantzukizun nagusia administrazioarena dela, baina arazoa konpontzen ez dutenez, herritarron artean zerbait egitea da proposatzen duguna”.
Erroldaren zain dauden milaka pertsonei irtenbide bat eskaini gura diete. “Euskal Herri osoko herritarrok daukagu iraganean jasotako eskuzabaltasuna eta elkartasuna bueltatzeko ardura”, azaldu dute. Busturialdearen kasuan, ez dagoela erroldatzeko arazo handirik diote: “Busturialdean norbait errolda barik geratzen denean beste bat lortzen da. Baina Bilbon edota herri eta hirietan bada arazo garrantzitsua”.
“Gutxieneko eskubideak lortzeko ezinbestekoa”
Erroldarik ez daukaten pertsonak bizilagun “ikusezinak” direla dio Alejandra Loizaga Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdeko kideak: “Zailtasun handiena gutxieneko eskubideak ez dituztela bermatuta da. Ez existitzearen modukoa da, ikusezinak dira. Etxerik ez daukan pertsona bat ikusezina da, errolda barik ezin dituelako laguntzak eskatu. Errolda da administraziora lotzen gaituena. Hori barik ez zara existitzen, ez herrian, ezta lurralde historikoan, ez eta autonomia erkidegoan ere. Ez daukazu inongo loturarik”.
Errolda barik ezin dituzte laguntza sozialak eskatu, ezta anbulategira joan edota lanbiden izena eman ere. “Gutxieneko eskubideak dira, denok bermatuta izan beharko genituzkeenak, baina etorkin askok ez dituzte oraindik”, dio Loizagak. Gainera, errolda lan egiteko eta bizilekua izateko baimena lortzeko ere garrantzitsua dela azpimarratu du: “Baimen hori lortzeko gutxienez hiru urte egon behar dira Euskal Herrian, eta bertan egon direla frogatzeko modu eraginkorrena da hiru urtez erroldatuta egon direla erakustea”.
Hori horrela arrazoi bi horiengatik dela garrantzitsua irtenbide bat eskaintzea dio. “Erroldatzen diren momentuan gutxieneko eskubideak lortzen dituztelako, eta lan egiteko baimena izan bitartean egunak kontatzen hasten direlako”.
Ikus-entzunezkoan Tamsir Ndoye eta Ousmane Sy etorkinen kasua landu dute. “Ndoyeren, Syren eta Alejandra Loizagaren esperientzia ageri da. Denbora batez etxe bereko errolda familiarraren parte izatea erabaki zuten eta, apurka-apurka, egunak kontatzen joan dira. Tamsir eta Ousmanen migrazio ibilbide luze eta latsari amaiera emateko azken pausua abian jarri zuten”.
Bideoa Oier Plazak ta Aitor Suarezek egin dute, eta “lan eder horrengatik” eskerrak eman dizkiete Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoek.
Errolda sozialaren parte izan gura dutenei Ongi Etorri sarekoekin harremanetan jartzeko gonbita egin diete. “Interesa daukazuen pertsona guztiak animatzen zaituztegu gurekin edo hurbilen daukazuen sarearekin kontaktuan jartzera informazio gehiago lortzeko”. urdaibaiongietorri@gmail.com eta bizkaia@ongietorrierrefuxiatuak.info helbide elektronikoak jarri dituzte herritarren eskura, baita 690 32 40 76 telefono zenbakia ere.