Barandika eta Lekerika, Dania Jai Alaiko onenen artean
Xabi Barandika bigarren sailkatu da bakarkako eta binakako txapelketetan eta kinielen sailkapenean. Bikotekako txapelketan, Unai Lekerika izan da onena atzelarien artean, eta kinielen sailkapenean hirugarren geratu da.
Erik Mendizabal mutrikuarrak bere maisutasuna erakutsi du beste behin, Dania Jai Alairen denboraldian. Bakarkako eta binakako txapelketak eta kiniela gehien irabazita, Hiruko Koroa bereganatu du berriro ere, eta alde nabarmena atera die gainontzeko sailkatuei.
Kinielen sailkapenean (Most Wins), 159 kinielagaz nagusitu da mutrikuarra. Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernikarrak sailkatu dira bigarren eta hirugarren, 111 kiniela eta 96 kiniela lortuta, hurrenez hurren.
Bakarkako txapelketan sailkatutako lehenengo hirurak aurrelariak dira. 28 garaipenekin lortu du titulua Mendizabalek. Hamasei irabazi ditu Barandika bigarren sailkatuak, eta Iñigo Gorostola Arrieta sailkatu da hirugarren, hamabost kinielagaz.
Bikotekako txapelketan, aurrelari onenaren eta atzelari onenaren sailkapenak bereizten dituzte, eta puntistak txandakatu egiten dira, ez dute beti bikote beragaz jokatzen. Aurrelarietan onena izan da Mendizabal, 29 kinielatan garaipena eskuratuta. Barandika bigarrenak hemeretzi eta Jon Zulaika donostiarrak hamabost pilatu dituzte. Atzelariei dagokienez, Lekerika izan da onena, 20 kinielatan nagusituta. Ibon Aldazabal berriatuarra bigarren geratu da, Ruben Bailo hirugarrengaz hamalauna kinielagaz berdinduta. Noaingo atzelariak AEBtako frontoietaik agurtu da, eta agurrean bere taldekideengandik omenaldi beroa jaso zuen.
Etxera bueltan. Daniako denboraldia amaituta, Euskal Herrira bueltatzeko ordua heldu zaie puntista euskaldunei. Egunotan ari dira etxera bueltako bidaiak egiten, eta Barandika eta Lekerika gaur bertan ailegatu dira.
Euskal Herrian lehiatuko dituzten txapelketa batzuen datak zehaztu gabe dituzte oraindik, baina, udako denboraldian hemen jokatuko dutela baieztatu dute Barandikak, Lekerikak eta Aldazabalek.
Biarritz, Donibane eta Paueko torneoen egutegia zehaztuta dago, eta horietan ariko dira gernikarrak.