Herria era aktiboan ezagutzeko gida berria atera du Bermeoko Udalak
Kaleratu berri duten gidaliburu turistikoak bisitari aktiboa du ardatz, haren parte hartzea sustatuz. 4.000 ale kaleratu dituzte, eta informazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkitu daiteke.
Herriko baliabide turistikoak eta sektoreko enpresen eskaintza zabaldu asmoz, Bermeoko Udalak gidaliburu bat atera berri du. Turismoagaz lotutako aipatu gidaliburuak herria era aktiboan ezagutzeko gonbidapena egiten dio bisitariari. Gidaliburu berria goizean aurkeztu dute.
Bermeoko Komertzio eta Turismo zinegotzi Kepa Zumetak esan duenez, “euskarri teknologikoz inguratuta gaude, eta ho- rietaz baliatzen gara gure jakinmina asetzeko”. Hala ere, Zumetaren arabera, oraindik asko dira euskarri fisikoa nahiago dutenak informazioa kontsultatzeko eta promoziorako antolatzen diren ekimenetan presentzia edukitzeko: “Internetek eskaintzen duen esperientzia batzuek oraindik ere ez dute barneratu”.
Horiek guztiak kontuan hartuta, Bermeoko Udalak gidaliburu turistikoa kaleratu du. 4.000 ale kaleratu dituzte, eta informazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkitu daiteke. Turismo bulegoan egongo da eskuragarri, baita ere eskualdeko zein Bizkaiko ostatu, interesgune, museo eta turismo bulegoetan.
Parte hartzea sustatu. Kaleratu berri duten gidaliburu turistikoak bisitari aktiboa du ardatz, haren parte hartzea sustatuz; hau da, Bermeogaz turista modura izan dezakeen “konpromisoa lantzea” du helburu. “Horrez gain, gure nortasunari lotutako gonbidapena ere luzatzen dio bisitariari. Bizi gure erara, lan egin gure erara, gozatu gure erara, ezagutu gure erara, jan gure erara dira erabiltzen diren eslogan deigarriak”.
Gidaliburua “gozamena, goxotasuna edo hurbiltasuna” moduko sentsazioez baliatzen dela aipatu dute, “izate eta nortasunaren berri eman eta inguratzen gaituen edertasuna adierazteko”. Ezaugarri horiek Bizi Bermeo markari lotuta daudela nabarmendu dute. Gogorarazi dutenez, marka horregaz lotuta, webgune “eguneratu, zabal eta sakona” ere badago; “urteko garai bakoitzari eta bezero potentzialentzako eskaintzari egokitua”. Aurreratu dute markaren ardatz nagusiak borobiltzeko, laster sare sozialak ere abiaraziko dituztela, “unean uneko eskaintza ezagutarazteko”.
QR bidezko loturak. Gidaliburu berrian ondareari lotutako gaiak ere badaude; gastronomia, arkitektura eta herriko begiratokiei buruzko informazioa aurkitu daiteke. Gaztelugatxeko San Juanek ere badu bere lekua. Horrez gain, enpresa turistikoei buruzko informazioa ere bildu dute: ostatuak, jatetxeak, tabernak eta turismo aktiborako aukerak. Baliabide horiek guztiak modu errazean bilatzeko, gainera, plano bat ere badago erdialdean. QR bidezko loturak ere badaude, “bisitariek une oro informazio eguneratua izan dezaten”.
“Gure ondarea, gastronomia, ingurunea eta nortasuna balioan” jartzen duen gidaliburua dela esan du Aritz Abaroa alkate- ak. Bermeo helmuga “erakargarri eta jasangarri” modura kokatu gura du Bermeoko Udalak gidaliburu berri honen bitartez.