Gorengo mailara bueltan
Promozioko lehian, Gernika RTk 21 eta 34 irabazi dio Independiente RCri, eta beraz, 2021-2022 denboraldian Ohorezko Mailan jokatuko dute basurdeek.
Bi denboraldi Ohorezko B Mailan lehiatu ondoren, 2021-2022 denboraldian Ohorezko Mailan ariko da Gernika Rugby Taldea. Igoera lortzea zen klubaren apustua, eta denen lanaren fruitua jaso dute. “Guretzat oso garrantzitsua da, taldeari eta herriari indarra emateko, eta errugbia gorantza eroateko. Apustua hori izan da, eta lortu dugu. Oraindino ez gara konturatzen zer egin dugun. Orain hurrengo denboraldirako prestatu beharko gara. Ea datorren urtean ere halako poztasunak ematen dizkiogun gure jendeari”, dio Eduardo Maidagan entrenatzaileak.
Denboraldi hasieratik amaierara arte erregulartasuna mantendu du taldeak, eta partidu bakarra galdu du denboraldi honetan, ligako titulua eta zuzeneko igoera lortzekoa, hain zuzen: “Denboraldia oso ona izan da, ia-ia hamarrekoa. Hogei partidu jokatu eta hemeretzi irabazi ditugu, eta galdu dugun bakarra La Vilaren kontrako finala izan zen, eta ezin izan genuen ekarri ligako txapeldunaren titulua. Baina gure helburua lortzea zen garrantzitsuena, eta hori lortu dugu”.
Zapatu arratsaldean heldu zen denek esperotako lorpena. Promozioko lehian, Gernika RTren eta Independiente RCren zaleek hartu zuten Valladolideko Pepe Rojo zelaia. Mailaz igotzea zegoen jokoan batzuentzat, eta mailari eustea besteentzat. 21 eta 34 nagusitu zen talde gernikarra.
400 bat zale gerturatu ziren zapatuan Valladolidera, eta horietako asko zelaira sartu ziren partidu amaieran, jokalariak eta gainontzeko kideak zoriontzera. Emozioz betetako uneak izan ziren, hunkigarriak: “Giroa ikusgarria izan zen. 80 minutuz gelditu barik animatzen egon ziren, sekulako indarra eman zion taldeari. Zorionak eta eskerrak ematea besterik ez daukagu”.
Gernikarrak indartsu zelairatu ziren, eta azkar, hamargarren minutura iritsi aurretik markagailuan aurrea hartzea lortu zuten, Siyabonga Masukuk ona eginiko zigor-ostiko bat baliatuta. Bizpahiru minutu geroago Eneko Gorostizak neurketako lehen entsegua lortu zuen, zegokion transformazioarekin (0-10). Gero, Gorostizari txartel horia atera zion epaileak joko zikina egotzita, eta ondorioz, hamar minutuz basurdeek jokalari bat gutxiago izan zuten berdegunean. Hala, Aaron Forrest izan zen, zigor-ostiko baten bitartez, Independienteren lehen puntuak lortu zituen jokalaria. Masukuk berdin erantzun zion segituan, eta Fosterrek, 6-13koa jarri zuen Pepe Rojoko markagailuan. Lehen zatia bukatzeko hamabost bat minutu falta zirenean, Nicolas Parada Independienteko jokalariak txartel horia ikusi zuen. Zelaian jokalari bat gehiago izatearen abantaila ondo aprobetxatzen jakin zuten basurdeek. Iker Olaetak egin zuen taldeko bigarren entsegua. Bazirudien Gernika Rugby Taldeko kapitainak ezarritako 6-20rekin bukatuko zela lehen zatia, baina, bizpahiru minuturen faltan, Facundo Lamasek basurdeentzat hirugarren entsegua burutzea lortu zuen. Entsegu horren aurretik Federico Pelozzi Santanderreko taldeko jokalariak txartel horia ikusi zuen.
Basurdeek 21 puntuko abantailagaz ekin zioten bigarren zatiari (6-27). Bigarren zatian Independientek aurrerapauso bat ematea lortu zuen; egindako aldaketetan asmatu zuten. Izan ere, bigarren zatiaren lehen hamar minutuetan Tiago Romerok egin zuen klub kantabriarraren lehen entsegua (11-27). Gernikari zertxobait gehiago kostatu zitzaion puntuak biltzea. Finlay Sharp jokalariak egin zuen Independienteren bigarren entsegua. Amaierarako zazpi minutu falta ziren, eta 11 puntuko errentagaz aurretik ziren basurdeak (16-27). Hala, Albertus De Bod-en Gernikaren laugarren entsegua egin zuen, eta 79. minutuan Alexander Grey-ren entseguagaz borobildu zuten partidu erabakiorra.
Partidua “oso gogorra” izan zela dio entrenatzaileak: “Lehenengo zatian oso ondo jokatu genuen, bigarren zatian eurak gora etorri ziren, baina errenta mantendu eta irabaztea lortu genuen. Sentsazio berriak dira, eta desberdinak”. Hasieratik joko arina erakutsi zuten basurdeek, horixe baizen euren estrategia. “Lehenengo zatian oso ondo egin genuen behar hori, eurak apur bat urduri egon ziren. Guk eduki genuen baloia”. Lehenengo zatia “apartekoa” izan zela azpimarratu du: “Bigarren zatian eurek gauzak aldatu zituzten, eta apur bat behera etorri ginen. Eurek fisikoki handiagoak eta gogorragoak dira, eta kontaktuetan igarri zen”. Hala ere, bigarren zatiaren erdialdera suspertu ziren basurdeak: “Partidua erdi kontrolatuta geneukan, baina oso urduri egon ginen. Partidua amaitzeko hiru minutu falta zirenean, entsegua sartu genuen, eta eurentzat hor joan zen dena pikutara”.