Oinezkoentzako pasabideak eta semaforoak jarriko dituzte Kanalan
Ibilgailuen joan-etorria baretzeko asmoz, bide segurtasuna hobetuko dute Kanalan Gautegiz Arteagako eta Sukarrietako udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak.
Gautegiz Arteagako eta Sukarrietako udalek, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, semaforoak eta oinezkoentzako pasabideak jartzeko lanak hasi dituzte Kanalan.
Bide segurtasuna hobetzea da asmoa, baita inguru horretan ibilgailuen joan-etorria baretzea ere, “uda sasoian trinkoa izaten delako”. Halaber, ibilgailuen joan-etorriak ingurumenean duen eragina murriztu gura dute.
Lanok bukatuta, oinezkoentzako semaforodun lau pasabide izango ditu Kanalak, baita aurreabisuko beste semaforo bat ere. Hasi dira lanok, eta udarako pultsadorea duten lau semaforoetatik hiru eta aurreabisukoa martxan egotea aurreikusi dute; laugarren semaforoa udazkenean egongo da martxan.
Semaforoak eta horien instalazioa foru aldundiak ordaindu ditu, eta martxan jarritako obra zibila, zerbitzuak, hoditeria, konekzioak eta BI-3234 errepidearen zatia egokitzea udalek ordainduko dute lankidetzan. Lan horiek Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Patronatua egiten ari den Mugikortasun Jasangarriaren Estrategian kokatzen dira. Gaur gaurkoz, Kanala eta Laida eta Lagako hondartzak lotuko dituen oinezkoentzako bidea egiten ari dira.
Erruki Goiriena Sukarrietako alkateak herritarren segurtasuna lehenetsi dutela adierazi du: “Horregatik, Kanalako zeharbidea seguruagoa izan dadin irtenbide bat eskatzen aritu gara aspalditik. Obra honegaz, helburu bikoitza lortuko dugu; alde batetik, oinezkoek errepidea arrisku barik zeharkatu ahal izatea, eta, bestetik, ibilgailuek abiadura moteltzea zeharbidetik igarotzerakoan. Izan ere, errepide hori asko erabiltzen da, batez ere udan, eta batzuek, ezarritako abiadura muga gainditzen dute”. Hori horrela, bai ibilgailu zein herritarrek “segurtasunean irabaziko” dutela dio.
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak, oinezkoak babesteko eta ibilgailuen joan-etorria baretzeko neurriak “askotan” eskatu dituztela azpimarratu du, inguruko bizilagunek bidea gurutzatzeko “arazo larriak” izaten dituztela esanez. “Urteak dira Kanala zeharkatzen duen errepideak gero eta ibilgailu gehiago hartzen dituela, batez ere udan, Laida eta Lagako hondartzetarako pasabidea delako”, azaldu du.
Horrez gainera, ibilgailuen abiadurak kutsadura akustikoa eta CO2 gasen emisioa areagotzen dituela gogoratu du, eta ibilgailuen abiadura mugatzea ingurumenarekiko konpromisoa hartzea dela deritzo. “Ingurumenaren ikuspegitik ere garrantzitsua da ibilgailuen abiadura mugatzea, gidariok semaforo berdearen zain gauden bitartean motorra itzaltzea komeni den bezala”.