"Bakea sinatzeak ez du garapenik ekarri Guatemalara"
Guatemalako giza eskubideen alde lan egiten duen Codeca mugimenduko kidea da Vay. Gernika bisitatu du, eta mugimenduaren aurkako errepresioa salatu du udalerrian.
Guatemalako herri indigenetako bizilagunen giza eskubideen alde lanean ari den Leiria Vay Garcia Euskal Herrian da egunotan. Gernika Gogoratuzek gonbidatuta, Codeca herri mugimenduko kideak udalerria bisitatu zuen joan den astean.
Codeca Guatemalako herri mugimendua da, lurraren eta lan-eskubideen alde borrokatzeko 1992an sortu zena. Hamazazpi indigena eta nekazari analfabetok sortu zuten, eta horietako bat izan zen Vayren aita. Gaur egun, herrialde osoan ditu antolakuntza egiturak, eta nazio mailan mobilizatzeko gaitasuna duen Guatemalako gizarte mugimendurik indartsuena da. Hala ere, azken urteotan Codecaren aurkako errepresioa “etengabea” da, 2018ko maiatzaren 9az geroztik mugimenduko hogei kide hil dituztelako, azkena apirilaren 11n.
Bizi duten egoeraren berri emateko etorri da Vay Euskal Herrira. “Bizi dugun errepresioa salatzeko etorri naiz, baita gaizkileak ez garela esateko ere. Izan ere, giza eskubideen alde borrokatzeko mugimendua da gurea. Halaber, koordinaziorako adiskidetasun sareak sortzea ere bada nire asmoa, horiek errepresioa salatzeko lagungarriak direlako”.
Codeca mugimenduaren aurkako errepresioa ulertzeko, 1996. urtera salto egin behar dela dio Vayk. Izan ere, orduan sinatu zen Guatemalako Gobernuaren eta Guatemalako Unitate Iraultzaile Nazionalaren arteko Bake Sorrerako eta Iraunkorreko Akordioa. “Sinaduraren ondoren, Codecak gerra garaiko hilerri klandestinoak lurpetik ateratzearen alde egin zuen. Orduan sartu nintzen mugimenduan, eta 2.000 urtean Codecako gazte mugimenduari ekin genion. Hilerri klandestinoak lurpetik ateratzeko borrokan jarraitu genuen, egia jakiteko eta gatazka armatuan gertatutakoa ezagutarazteko”.
«Codecak energia elektrikoa lapurtzen duela esaterakoan, erasotzen gaituzte»
Bakea sinatu zenean, herri indigenen egoera hobetuko zela uste zuten. “Baina ez zen horrelakorik gertatu. Bakea sinatzean, ateak ireki zizkieten transnazionalei. Guatemalak garatzeko beharra zuela esan ziguten, eta horregatik bultzatzen zituztela proiektuak. Baina enpresa transnazionalen proiektuek lortu zuten gauza bakarra pobrezia handiagoa, diskriminazio handiagoa eta ondasunak eta baliabideak bereganatzea izan zen”. Vayk dioenez, orduan ohartu ziren nazioz gaindiko enpresei bakarrik ireki zizkietela ateak: “Bakeagaz amaitu zen armadaren jazarpena, baina nazioz gaindiko enpresa handiek gure lurrak bereganatu zituzten”.
“Gehiegizko ustiapena”
Hori horrela, herri indigenetako biztanleek monolaborantzako lusailetara joan behar izan zuten lanera. “Lur horietan gehiegizko ustiapena zegoen. 2000. urtean, eremu horietako nekazaritzako lan baldintzei buruzko ikerketa bat egin genuen. Ez zen dokumentu luzea izan, benetako egoera zein zen erakutsi nahi genuelako bakarrik. Ikerketa 86 finkatan egin genuen, eta ikusi genuen horietako askotan ez zutela gutxieneko soldatarik ordaintzen, eta langileen txandakatze iraunkorra zegoela. Hau da, ez direla langile iraunkorrak, aldi baterakoak baizik, eta gehienez 3 hilabetez lan egiten dituztenak”. Ikerketak, gainera, langileen urtez urteko lan karga ere azaleratu zuen. “2000 urtean langile baten egunerokoa 250 eta 350 zuhaitzetatik esnea ateratzea zen. 2005ean langileek esan ziguten euren lana 350 eta 500 zuhaitz artekoa zela. 2008an 500 eta 8.000 ingurukoa, eta 2013ko azken ikerketen arabera, 800 eta 1.000 artekoa. Zer frogatzen du horrek? Lanaren gainesplotazioaren maila handitzen ari zela urtez urte”.
2013ko azterlanean, Guatemalak dituen 22 departamentutik hamalau departamentutako finka handiak ere ikertu zituzten: “Ikerketa diseinatu genuenean, 2.936 finka identifikatu genituen, baina bi urte beranduago, 2013an, informazio guztia biltzerakoan, 906 finka baino ez genituen zenbatzen. Ez genekien zer gertatzen zen. Dena berrikusten hasi ginen, eta konturatu ginen 2011n bost finka zirenak finka bakar bat izatera pasatu zirela azukre-ontzi baten kontura. Eta leku guztietan berdin. Horrek erakutsi zuen lurraren zentralizazioa abiadura ikaragarrian eman zela. Horrek gehiegizko ustiapena eta lan baldintza okerragoak dakartza. Ikerketak erakutsi zuen gizonen % 90ek legeak agindutako gutxieneko soldata baino txikiagoa irabazten zutela, eta %97koa zen datua emakumezkoetan”, dioVayk. Emakumeen kasuan, gainera, gutxi ziren lan taldean agertzen zirenak, “gehienak langile ikusezinak zirelako”. Izan ere, premia handia zegoela aitortu du, eta pertsonek soldata txikiagoagaz lan egitea onartzen zutela.
Transnazionalak erakartzearen ondorioz, nekazari askok ezin dituzte euren produktuak saldu, “transnazionalek askoz merkeago eskaintzen dituztelako produktu berdinak». Arazo horiek herri indigenen egoera «okertu egin zutela” uste du Vayk: “Lege proposamenak eta ikerketak egin ditugu, eta ikusten duguna da egoerak okerrera egin duela. Guatemalan bakea sinatzeak ez zuen garapenik ekarri. Bakea sinatzeagaz garapena ekarriko zutela esan zuten, eta ez da horrelakorik gertatu. Transnazionalek inbaditu egin gintuztela ikusten dugu, gure lurra kendu digutela eta giza eskubideez bakarrik hitz egiteko esaten digutela. Hori garrantzitsua da, baina politikaz ez hitz egiteko eskatzen ziguten. Izan ere, politikaz berba eginez gero, GKEek ere ez zituztela proiektu txikiak finantzatuko esaten ziguten”. Hala ere, politika publikoak proposatu zituen Codecak, eta hainbat lege proposamen egin. Baina kongresuan ez zituen onartzen: “Kongresuan zeudenek ez zietelako erantzuten gure interesei, transnazionalen interesei baizik”.
Asanblada nazioaniztuna
Egoeraren aurrean, 2012an, Codecak batzar prozesu bat abiatu zuen: Asanblada Eratzailea eta Nazioaniztuna. “Codecaren 20 urteko ibilbidean eta borrokan gertatutakoa ebaluatzea erabaki zuelako sortu zen asanbladaren ideia. Komunitateetara egoera aztertzera joan ginenean, kritikoki esan genuen: komunitate bati lurra emateak ez du esan nahi bere bizitza maila eta bizitza baldintzak aldatzea”. Izan ere, ondorioztatu zuten lurra emateak ez zuela “arazoa konpondu”. Eta konturatu ziren lege proposamenak aurkeztu arren, errealitatea ez zela aldatu.
«Errepresioa salatzeko etorri naiz, baita gaizkileak ez garela esateko ere»
Hori horrela, lurra erdigunean jartzearen aldeko apustua egin zuten, eta hori batzar konstituziogile batez bultzatzea. “Egoera zein zen ikusita, urte hartan Gobernuko presidentea zen Otto Perez Molinalak esan zuen Konstituzioaren erreforma behar zuela Guatemalak. Erreformagaz zera bilatzen zuten: sistema neoliberala gehiago finkatzea, merkatu askea bultzatzea eta produktu mineralak erauztea. Horrek 169. hitzarmenak herri indigenek aholkularitzarako duten eskubideari buruz dioen guztia urratzen du. Horren aurrean, kalera atera ginen, Konstituzioaren erreformari ezetz esateko eta Herri eta Nazio Anitzeko Batzar konstituzionala egiteko. Lehen aldia izan zen gure ideia jendaurrean aurkezten genuena. Orduan ez gintuen inork ikusi, ezta entzun ere. Baina ideia komunitateetan kokatu genuen. Hain zuzen, 2013an atera zen ikerketa, eta horrek transnazionalak haserretu zituen”.
Energia elektrikoa
Ordura arte lehen sektorean egindako ikerketek Guatemalako sistema ekonomikoa deseroso sentiarazi zuten. Baina energia elektrikoa nazionalizatzeko borrokagaz hasi zen Codeca: “Zerbitzu guztiak nazionalizatzearen alde egin genuen. Horrek zuzenean eragin zion Guatemalan energia elektrikoaren monopolioa duen enpresa bati. Enpresa transnazionala da, baina Guatemalako agintari askok dituzte akzioak. Orduan hasi zuten Codecaren aurkako difamazio kanpaina, Codeca energia elektrikoa lapurtzen duen erakunde kriminala dela esanez”.
Horren aurkako manifestazioa egin zuten Codecakoek. “Goizean izan zen mobilizazio indartsua, eta arratsaldean, gobernu zentralak konferentzia bat eman zuen. Perez Molina presidenteak Guatemalan egunero hazten ari den minbizi soziala zegoela adierazi zuen, eta desagerrarazi egin behar zela. ‘Minbizi horrek Codeca du izena’, adierazi zuen, eta horregaz amaitzeko erabakiak hartu zituen”.
Hain zuzen, Codecako “lapurrak” jazartzeko fiskaltza sortu zuen: energia elektikoaren lapurretaren aurkako fiskaltza. Fiskaltza horrek daramatzan kasu guztiak Codecako buruzagien aurkakoak dira. Horrez gainera, Codecako 543 buruzagi identifikatu eta atxilotzeko agindua eman zuen. “Besteren artean, nire aita espetxeratu zuten. Ordutik, Codekako atxilotuen hiru kasu baino ez dira iritsi ahozko epaiketara eta epaiketa publikora. Absolbitu egin dituzte guztiak, NBEk atxiloketa arbitrariotzat jo zituelako. Estatuari hori ez errepikatzeko eta kalteak konpontzeko bermeak eskatu zizkion, baina hori ez da egin”.
Urte berean, giza eskubideen aldeko batzorde interamerikarra joan zen Guatemalara, giza eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko txostena aurkezteko. Vayk dio giza eskubideen aldeko erakunde guztiak bertan zeudela, baina batek ere ez zuela Codecari buruz hitz egin: “Orduan konturatu nintzen denak beldur zirela. Hitza eskatu nuenean, kosta egiten zitzaidan hitz egitea. Esan nuen kasu batzuk alde batera utzi direla, eta Codecaren bi kasu sendoenak aipatu nituen. Inork ez zuen ezer esan, denak isilik geratu ziren, baina nazioartean presio handia egitea lortu genuen”.
Botere sektoreak Codecaren “indarraz” jabetu ziren orduan. Hala ere, “beldurrari aurre eginez”, Codecak bere lanagaz jarraitu zuela dio Vayk. “Baina zelan jarraitu behar genuen batzar konstituziogileagaz, hori kongresuak onartu behar badu? Asko eztabaidatuta, tresna politiko propio bat sortzea pentsatu genuen”, azaldu du. Baina alderdi politiko hori egitura aldaketen alde borrokatu gura zuten mugimendu guztien parte-hartzeagaz sortzea pentsatu zuten. “Taldea sortzeko 23.000 atxikimendu behar genituen. Erraza izango zela pentsatu genuen, asko ginelako, baina ez zen hala izan. Atxikimendu eskaerak bidaltzen hasi ginen, eta ez zituzten onartzen. Azkenean, 2018an, mehatxatu egin genituen. Pertsonen eskubide politikoak urratzen zituztela esan genien, eta horrek hala jarraituz gero, salaketak jarriko genituela. Ondorioz, 2018ko ekainean lortu genuen alderdia sortzea, baina ez geneukan hauteskundeetan parte hartzeko denborarik. Aukera bakarra asanblada bi egunetan egitea zen, eta egin genuen”.
“Jazarpena”
Hala ere, Jimi Morales Guatemalako errepublikako presidentearen erantzuna segituan iritsi zitzaien: “Codeca gaizkileen erakunde bat zela esan zuen, energia elektrikoaren lapurretaz arduratzen dena, eta herrialdean kaosa sortzen duena”. Maiatzaren 2an esan zituen berba horiek Moralesek, eta maiatzaren 9an hilketak hasi zirela salatu du Vayk: “2018tik gaur arte hogei lagun hil dituzte. Ikusi dugu gure borrokak alde batetik zein bestetik zapalduak izan direla”.
Orain, komunikazioa dute borrokarako elementua. “Irrati eta komunikatzaile sare bat sortu dugu, egoeraren berri emateko. Hilketa gisa egiten ari direna errepresioa da”. Jazarria sentitzea “oso gogorra” dela dio: “Codeca energia elektrikoa lapurtzen duen erakundea dela esaten duten bakoitzean, erasotzen gaituzte”. Hala ere, borrokan jarraituko dute, egoeraren berri emanez: “Badakigu borrokatzen ez badugu gauzak ez direla aldatuko. Badakigu horrek kostu bat duela, lagunak hil dituztela, espetxeratu dituztela… baina ez dugu beste aukerarik”.