Argi baltzaren lekukoa
Lehenengo Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketa aurkeztu du Lilibertsok. Jon Lopategiren omenez, gazteei plaza eskaintzea helburu duen sariketa da Busturialdean zehar lehiatuko dena.
Orain dela hiru urte hil zen Jon Lopategi, eta bere omenez, Argi Batza Bertsolari Gazteen Sariketa antolatu du Lilibertsok. Ekainaren 6an Muxikan hasiko da, eta bertsolari gazteei plaza eskaintzea da Busturialdean lehiatuko den sariketaren helburu nagusia.
Argi Baltza izena jarri diote sariketari, Lopategiren ezizenagaz hitz jokoa egin, eta bertsolari eta bertsozaleentzako argia izan zela islatuz. “Ikastetxeetan Jonek egin zuen lana denok ezagutzen dugu. Bizkaia mailan dauden bertsolari gehienak bere eskuetatik pasatu ziren garai batean”, adierazi du Ander Elortegi Lilibertsoko kideak, eta sariketagaz Lopategik bertsolaritzaren transmisioan egindako lana indartu gura dutela azpimarratu du.
Lopategiren lana indartuko dute, haren lekukoa hartuz: “Ikusten genuen Lilibertsok badaukala ardura eta gogoa Lopategiren lekukoa hartzeko. Azken urteetan harreman berezia izan zuen Lilibertsogaz Jonek. Guk antolatzen genituen saio askotan egoten zen entzule eta ikusle, eta ez egon bakarrik, harreman on bat lortu genuen. Hala, mimo handiz antolatu dugun sariketa bat da Argi Baltza”.
Gazteei plaza. Sariketagaz gazteengan jarriko dute fokua. 18-30 urte bitarteko gazteak dira lehiaketan parte hartuko dutenak: “Bizkaian edota Euskal Herri mailan, gabezia handi bat dago gazteen plazaratzeari dagokionean. Egia da Bizkaiko zein Euskal Herriko bertsozale elkarteetatik ahalegin handia egiten dela bertsolari gazteak plazaratzeko orduan, baina asko dira bertsolari gazteak, eta ez dago denentzako plazarik”.
18 urtetik gorako gazteen egoera plazaratu du Koldo Gezuraga Lilibertsoko kideak: “Gazte sasoian, elkarteei esker, eskolartekoa antolatzen da, baita BBK sariketa ere. Gaztetxoei aukerak eskaintzen dizkien sariketak dira horiek, baina behin adin nagusitasuna igarota, ez dago horrenbesteko aukerarik. Gainera, saltoa handia izaten da, eta aukerak murrizten dira”.
Errealitate horri, gainera, pandemia gehitu behar zaiola dio Gezuragak. “Pandemiak gogor astindu du kulturgintza, eta ekitaldiak antolatzeko aukera gutxiago daude orain. Lehen, hilabetero lau saio zituzten bertsolariek gaur egun bi dituzte. Gazteen kasuan, lehen saio gutxi izaten bagenituen, orain gutxiago”.
Hala ere, pandemia baliogarria izan zaie, ideia berriak sortzeko. “Ekimen asko abiatu ditugu, Argi Baltza bertsolari gazteen sariketa, azkena”, diote.
Hiru saio, eta finala. Sariketak hiru kanporaketa eta finala izango ditu. Muxikan, Gautegiz Arteagan eta Ajangizen jokatuko dira kanporaketak, eta Bermeon izango da finala. Bertso saio guztiak domekaz jokatuko dira, 18:00etan, herriko frontoietan. Saioetara joatea doakoa da, eta kanporaketetara joateko ez dira sarrerak urretiaz eskatu beharko. Finalerako, berriz, bai.
“Jonek eragin asko izan zuelako ingurune honetan, eta ezinbestekoa iruditzen zitzaigun sariketa hau Busturialdean egitea. Horregatik udalekin harremanetan jarri ginen”, adierazi du Nagore Beitia bertsolariak. Finala bermeon egin behar zela pentsatu zuten Lilibertsokoek, “Lopategik Bermeon eragin handia izan zuelako”.
Kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik parte hartuko dute, eta denetara puntuazio gehien eskuratzen dituztenak ariko dira Bermeon. Sariketan Bizkaiko eskualde guztietako ordezkaritza egongo dela zehaztu dute: “Saiatu gara lurraldekotasunaren aldetik proportzionaltasuna mantentzen. Argi esateko, Bizkaiko Eskualde denetako jendeak parte hartuko du. Lilibertsoko kideak izango dira gehien, sei”.
Lilibertso ez dela Bertso-Eskola bat, bertsozaleen talde bat baizik. Hori horrela, bertsolaritzaren kate osoko pertsonek osatzen dute: direla bertsolariak, direla gai jartzaileak edo epaileak. “Antolatzen ditugun saio gehienetan gai jartzaile taldea martxan jartzen dugu, eta gure taldekide horiek prestatzen dituzte gaiak. Oraingoan ere, Lilibertso inguruan mugitzen diren gai jartzaile eta epailieak arituko dira sariketan”.
Saioak
Ekainak 6, Muxikan (Gorozikako frontoian): Asier Galarza, Jone Larrinaga, Paule Loizaga, Asier Alcedo, Enare Muniategi eta Beñat Bilbao.
Ekainak 13, Gautegiz Arteagan (Udal frontoian): Imanol Uria, Mikel Retolaza, Maite Sarasola, Leire Vargas, Ander Anakabe eta Nagore Beitia.
Ekainak 20, Ajangizen (Mendietako frontoian): Garazi Navarro, Koldo Gezuraga, Txaber Altube, Iruri Altzerreka, Ander Urcelay eta Koldo Muñiz.