"Hezkuntza sistemek eraldaketa oso bat behar dute, egiturazkoa"
Ezker independentismoaren begiradatik, euskal hezkuntza feminista, komunitario eta burujaberako gakoak jasotzen dituen ‘(h)arian’ liburua kaleratu dute Plaza Hutsakoek.
Marije Fullaondok eta Olatz Egigurenek (h)arian hezkuntza liburua aurkeztu zuten aurreko astean, Astran. Hezkuntza sistemaz hausnartzeko beharraz ohartuta, 2018an hasi ziren liburua garatzen: “Hezkuntza eredua lehertzear zegoela ikusita, iruditu zitzaigun ezkerreko independentismoak bazuela proposamen zehatz bat egiteko ordua”. Hala egin dute. Plaza Hutsetan batuta, euren proposamena ezagutzera eman eta ekarpenak jaso dituzte.
Euskal hezkuntza irauli behar da. Hori da hausnarketa prozesuaren ondorioa?
Olatz Egiguren: Ondorioetako bat bai, garrantzitsuena. Hausnarketa hasi genuenean ikusten genuen Euskal Herrian dauden hezkuntza sistema denek goia jo dutela, agortuta daudela. Orain arte egondako erronkei erantzun ezinean eta datozenei ere erantzuteko zailtasun handiekin daudela ikusten genuen, inertzia batean itota. Egiturazko egoera bat da hori, ez hobekuntza batzuekin konpontzen den kontua. Eraldaketa oso bat behar duen errealitatea da. Horregatik erroetara jo behar da, eta eraldaketa oso bati heldu behar zaio. Hori ez da egun batetik bestera egiten. Horregatik, gure hausnarketak hiru atal ditu: egoeraren azterketa, ezkerreko independentismoaren begiradatik landutako ipar estrategikoa eta bidea zelan egiteko atala. Ez da proposamen zehatza, marko zabal batean ezkerreko independentista askok egin dugun gogoeta bat baizik. Baina zehaztu ditugu ildo batzuk.
2018an hasi zenuten prozesua. Ordutik, pandemia tarteko, hezkuntzaren egoera aldatu da.
O.E.: Pandemiak agerian utzi ditu hezkuntzaren beharrizanak. Iaz, pandemia egoera heldu zenean ikusten genuen guk Harian lantzeko prozesuan aurrikusi genuena berretsi baino ez zela egiten. Errealitateak inoiz baino ageriago utzi du benetan hezkuntzaren egoera zein den. Horregatik, indar handiagoagaz diogu hezkuntza sistemak buelta bat behar duela. Ze, orain, oztopo eta muga asko daude, baina sartzen garen garai honetan datozen erronkak eta dauden aurreikustenak ez dira batere onak. Pentsatu behar dugu orain ditugun arazoak biderkatu egingo direla. Ez badugu gelditu gura, gauzak aldatzeko momentua da.
Egungo ereduari arriskuak ikusten dizkiozue eta publikotasuna bilatu behar dela diozue.
O.E.: Ezkerreko independentismoaren begietatik diagnostiko bat egin dugu hiru ardatzetan kokatuta: zapalduta dagoen nazio baten begiradatik, klase ikuspegitik eta genero perspektibatik. Ardatz horien baitan, hezkuntza sistemak aztertu ditugu, eta ikusi dugu zein den hezkuntzan zapalkuntza horietako bakoitzaren isla. Adierazle asko ikusi ditugu, eta ondorioztatu dugu ditugun hezkuntza sistemak guztiz segregatzaileak direla: aukera berdintasunik ez da bermatzen, eta kohesio soziala arriskuan dago, baita gure hizkuntza eta kultura ere. Sekulako etena dago gure kultura transmisioan, gure hezkuntza sistemak ez du euskalduntzen. Hori administrazioaren diagnostikoek ere agerian uzten dute.
Krisi ekologikoaz ere ari zarete.
O.E.: Krisi sistemiko batean gaude, eta halako krisi batean krisi ekologikoak sekulako garrantzia hartzen du. Gure hezkuntza sistemetan horri buruz zer egiten da? Agenda21 dago, erreziklatzen irakasten da… baina ez da nahikoa. Gauden egoerak askoz gehiago eskatzen du. Hezkuntzak horretan gehiago kontzientziatu beharko luke. Hezkuntzak horretan hezi beharko lituzke belaunaldi berriak, baina ez dago inolako erantzukidetasunik.
Aldaketa horretan, zein da eman beharreko lehen pausoa?
Marije Fullaondo: Aldaketak gauzatzeko, ez daukagun burujabetza bat behar da. Baina lehenengo pausoa egoeraz jabetzea da. Diagnostiko bat egin dugu, eta hori ezagutarazi behar dugu. Hainbat neurri proposatu ditugu, herri hezitzaileen filosofia, esaterako. Hau da, herriko eragile eta espazio guztiak hezkuntza agente gisa ulertzea.
Komunitatearen bultzadagaz publikotasun «eredu berria eraiki» behar dela diozue.
O.E.: Eredu publikoa goitik beherako zerbaiten moduan ulertzen da Espainian eta Frantzian. Erabaki denak zentralizatuta dituzte, eta agindutakoa bete behar da. Horrek burokrazia, inposaketa, parte hartze eza dakar. Guk ez dugu horrela ulertzen gizartea. Demokrazia zuzenaren aldeko apustua egiten dugu. Horregatik gure apustua hezkuntzan komunitarioa da: elkarregaz pentsatu behar da ze hezkuntza beharrizan ditugun leku bakoitzean. Ez delako gauza bera Gernikan edo Maulen. Administrazioak irizpide jakin batzuk jarri beharko ditu, curriculum mailan, hezkuntza mailan…, eta horrek ziurtatu beharko ditu, baina horren garapena, modu deszentralizatuan, herrietan egin behar da.
Eta hori garatzen ari zarete herritik, dena aldatzeko.
M.F.: Tokian tokitik hasi gura dugu. Ideiak daude, baina horiek gauzatu egin behar dira, eta lekuan lekuko bizilagunek bakarrik dakite euren herrian zer egin daitekeen eta zer ez.
O.E.: Eremu guztietatik egin behar da lan. Egoeraz jabetuta, aktibaziorako jauzia emateko orduan, tokian tokiko plangintzetatik hasi behar da pausoak ematen. Herrietan hezkuntza mahaiak sortu beharko lirateke, eta elkarlanean egin behar da lan. Herri honek daukan egoera eta datozen erronkak aintzat hartuta zerbait egingo bada, edo herri bulkada sendo bategaz egiten da edo ez da egiten. Izan ere, hezkuntza eredu deszentralizatu baten alde egin nahi dugu, eta tokiko erakundeei ahalmen gehiago eman. Leku batzuetan egongo dira aukerak, hezkuntza komunitateak, herri eragileek eta udalek elkarlanean gauzak egiteko. Beste leku batzuetan ez, baina bultzatu egin behar dira.
Horretarako, ze egin behar da?
O.E.: Horrek eskatzen du egun ditugun zatiketa eta hausturak gainditzea eta adostasun sozial berri bat eraikitzea. Aliantzak eraiki behar dira. Gauza asko dago egiteko, baina ez da itxaron behar. Guk irudikatzen dugun eredu horrek estatu bat behar du, behar du erabakitzeko gaitasun bat eta erabakitzen den hori gauzatzeko ahalmena. Hori ez dugu bihar lortuko, baina ez da zain egon behar. Ez daukagu itxaroteko aukerarik, bestela gure diagnostikoak dioen moduan, pikutara joango gara. Orain hasi behar da herri bulkada gorpuzten. Bide horretan ahalik eta jende gehien batu behar da, eta ahalik eta hezkuntza mugimendu aktibo bat gorpuztu. Hala, egunen batean helduko da erabakitzeko gaitasuna.
Hezkuntza subirautza aldarrikatzen duzue. Ze ekarriko luke?
M.F.: Dena aldatuko luke. Momentu honetan, bi estatuk euren interesetan egindako hezkuntza sistema eta publikotasun sistema dauzkagu. Horiek ez daude Euskal Herriarengan pentsatzen. Burujabetasunak guk geuk gure beharretatik abiatutako eredu bat emango liguke, gure nahiak aurrera eramateko guk pentsatu, diseinatu, antolatu eta eraikitako eredua. Guk kudeatuko genukeen sistema bat. ‘Guk’ diogunean euskal herritar guztiok diogu, denon artean. Hezkuntza komunitate osoak. Herri hezitzaileen ikuspuntutik denok gara komunitatea. Eta horren baitan, baita ere, publikotasun eredu berri eta propio bat emango liguke. Publikotasun berria komunitatearen eta administrazioaren hibridazio modura ikusten dugu. Hori, gainera, ez da hezkuntzarako bakarrik egiten dugun proposamen bat, eredu horrek markatuko lukeelako nolako estatugintza egin gura dugun. Eztabaida oso potoloa da, eta horri heldu behar diogu.