Ekaitz Martin eta Unax Muniozguren urruzunotarren sarera gehitu dira
Batxilergo eta Erdi Mailako Heziketa Zikloko kategorian saritu dute Martin, eta DBH 3 eta 4. mailako ikasleen artean jaso du saria Muniozgurenek.
Euskaraz idazteko zaletasuna gazteen artean sustatzeko sortutako Urruzunotarrak gehituz literatur lehiaketaren saridunak ezagutarazi dituzte. Eta, beste behin, sarituen artean daude eskualdeotako ikasleak. Gernika BHIko Ekaitz Martin Perez eta Unax Muniozguren Alonso izan dira sarituak, eta, horrenbestez, urruzunotarren zerrendara batu dira.
Lehiaketan Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eta Nafarroako ikasleek parte hartzen dute, bi kategoria desberdinetan banatuta: prosan eta poesian. Hain zuzen, prosan saritu dituzte bi ikasleak.
Batxilergo eta Erdi Mailako Heziketa Zikloko kategorian saritu dute Martin, Boterearen dantza amaigabea izeneko lanagatik. DBH 3 eta 4. mailako ikasleen artean, berriz, Muniozgurenek jaso du saria, Ilargiaren eskuetan idazlanagatik.