Udal eraikinen erabilerei buruz hausnartzeko batzarrak deitu ditu Eako Udalak
Berritu behar diren eraikinei ze erabilera eman gura dieten aztertuko dute saio irekietan. Bedaronako Txokoan eta Natxituko Bolatokian barikuan batuko dira eta Eako Eskolondon zapatuan.
Udal eraikinen erabilera aukerak aztertzeko prozesuagaz segituz, saio irekiak deitu ditu Eako Udalak aste honetarako. Barikuan [maiatzak 28], 18:00etan, Bedaronako Txokoan eta Natxituko Bolatokian eta zapatuan [maiatzak 29], 11:00etan Eako Eskolondoko erabilera anitzeko gelan.
Udalerriko eraikin publiko denen egoera ez da ona, eta batzuk gaur egun erabilera anitzetarako dira. Batzuk zahartuta daude, batzuk ez daude erabilgarri edota ez dira ondo aprobetxatzen.
Eraberritzea beharrezkoa den horietarako, erabilerak zehaztea garrantzitsua dela uste dute horien arabera espazioak berrantolatuta diseinuak egiteko. “Jakinda eraikin batzuek zaharberritze bat behar dutela, erreabilitazio proiektua egiten hasi orduko, horien erabililerei buruzko hausnarketa kolektiboa egin gura dugu. Espazioak zelan antolatu jakiteko erabilerak finkatzea da; non zer kokatu aztertu eta hausnartu gura dugu. Obra bat diseinatzen hasi aurretik, garrantzitsua da jakitea zertarako nahi den eraikin hori. Eraikin publikoak zelan optimizatu ahal ditugun ikusi gura dugu”, azaldu du Iratxe Arriola Alzola Eako alkateak.
Pandemia aurretik galdetegi bat banatu zuten. Orduan jasotako ideiak, udalak helarazitakok eta Hiritik-At enpresaren arkitektuek ikusitakoak aztertuko dituzte aipatu saioetan, baita bertaratzen direnen ekarpenak ere. Hiritik-At arkitektu enpresakoek egin dute azterketa teknikoa udal arkitektuagaz kontrastatuta. Lan tekniko horretan bideragarria zer den eta zer ez aztertu dute. Beraz, teknikoek ze aukera ikusi dituzten azaldu eta proposamenak luzatuko dituzte.
Eskolondo berritu zutenetik, udalerrian antolatzen dituzten ekintza eta ekitaldi gehienak bertan egiten dituztela gogoratu du alkateak: “Erabilera gehieneko eraikina da. Horregatik, bateragarritasun arazoa ematen da batzuetan. Esate baterako, liburutegia eta gimnasio alboan daude, beraz, erabiltzaileentzat zaratak ere eragozpena izan ahal dira”.
Bestalde, udaletxea, Beletxe eta Eako eskola zaharrak egoera “oso txarrean” daude. “Beharbada, urteetan ez delako egin inbertsio nahikorik horietan. 2011an udalean sartu ginerera arte esango nuke eraikin bat bera ere ez zela egon berriztuta. Lehen agintaldian Eako Eskolondo eraikina berriztu genuen, eta gerora Natxituko Bolatotokia. Horrez gain, obra txiki batzuk egin izan ditugu, leihoak ipini eta isolamendu aldetik adibidez, eta Bedaronan biomasagaz berogailua ipini genuen”, dio Arriolak.
Agintaldi honetan udaletxearen kanpoaldea eta teilatua konpontzeko lanak egiteko asmoa daukate. Bi urte geratzen dira agintaldia amaitzeko, eta alkateak zehaztu duenez, agintaldi honetan seguraski ezingo dituzte gainontzeko eraberritze lanak egin.