Josemi Arrugaeta: "Interpretazio koherente eta zentzuduna egin du Susana Panisellok"
'Los deportados de ETA. Los olvidados del conflicto' liburua aurkeztuko dute bihar, 19:00etan, Nestor Basterretxea aretoan. Susana Panisello idazleagaz batera, Josemi Arrugaeta Bermeoko bizilaguna egongo da.
Deportazioa lehen lerrora ekarriko dute Sare Herritarrak eta SOM-HI katalanen kultur elkarteak. Los deportados de ETA. Los olvidados del conflicto (ETAren deportatuak. Gatazkako ahaztuak) liburua idatzi duen Susana Panisello Sabate kataluniarra egunotan Euskal Herritik dabil liburua aurkezten. Hainbat aurkezpen dauzka antolatuta, horietako bat Bermeon.
Euskal deportatuak, haien egoera eta politika horren testuingurua zein izan zen aztertu du Panisellok liburuan. Txertoa argitaletxeagaz kaleratu du, eta bere doktore tesian oinarrituta dago. Horren guztiaren berri emango du bihar kataluniarrak Nestor Basterretxea aretoan egingo duen aurkezpenean; 19:00etan hasiko da.
Deportazioak ze testuinguru historikotan eman ziren, estatu terrorismoak izan zuen egitekoa, politika hori ahalbidetu zuen araudia eta zelan eta zergatik amaiera eman zitzaien aztertu du Panisellok. Deportatuengan izan duen eragin psikologikoa ere aipatu du; “ahanzturaren biktima sentitzen dira”.
Bermeoko aurkezpenean Panisellok Josemi Arrugaeta (Bilbo, 1958) Bermeoko bizilaguna edukiko du bidelagun, deportatuetako bat. Orain bi urte bueltatu zen Kubatik, eta urte eta erdi inguru daramatza Bermeon bizitzen; “oso gustura” dago berton.
“Nire amaren familia errepublikarra eta sozialista zen. Aitita eta osaba errepresaliatuak izan ziren Espainiako gerraren ostean, baina etxean gutxi hitz egiten zen horretaz. Gizarte gris batean ikasi nuen, gertaera ugari tarteko; Burgosko prozesua, esaterako. Etxera galdezka joaten nintzen. Nire amuma ezkutuan zegoen komunista zen, eta ez zuen ezer esaten, nire amak bai, ordea. Orduan, gutxi-gutxika sartzen joan nintzen euskal kulturagaz lotutako gauzetan. Gero eta gehiago sartzen joan nintzen aktibismo horretan, politikoan baino gehiago kulturalean”, gogoratu du Arrugaetak. Gerora, hezkuntzako ikasketak egin zituen, eta Ikasle Abertzaleen Mugimenduko sorreran parte hartu zuen; “mugimendu oso sendoa izan zen”. Unibertsitatea euskalduntzeko lan egin zuten. 1978an unibertsitatean euskara sartzea lortu zuten, hautazko moduan.
1979. urtean alde egin zuen: “Oso gazte izanda sartu nintzen ETAn. 1979an erorialdi bat egon zen, eta alde egin behar izan nuen Iparraldera. Bost urte inguru ibili nintzen Iparraldetik eta Frantziako estatutik. Urte arinak eta gogorrak izan ziren, gauza asko gertatu ziren batera. Kartzelan egon nintzen, bai eta klandestinitatean ere”.
PSOE Espainiako gobernura iritsi ostean hasi zen deportazioa, 1984an, Espainiaren eta Frantziaren arteko harremanak gaiztotu samar zeudenean. Klandestinitatean zegoen Arrugaeta, eta atxilotu egin zuten; “GAL gutxi gorabehera hiru hilabete arinago hasi zen”.
80ko hamarkada. 1980ko hamarkadan, Frantzian errefuxiatuta zeuden euskal erakunde armatuetako 70 kidetik gora; Amerika eta Afrikako hamar bat herrialdetara deportatu zituztela kontatzen du Panisellok liburuan: Panama, Ekuador, Dominikar Errepublika, Kubako Errepublika, Venezuela, Cabo Verdeko Errepublika, Gabon, Aljeriako herri Errepublika Demokratikoa, Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoa eta Togoko Errepublika. Dioenez, Frantziako iritzi publikoaren aurrean Espainiako estatura ez estraditatzeko aukeren artetik kalte gutxien eragiten zuena zen deportazioa. Hala ere, “estradizioak berehala iritsi ziren”.
Frantziatik Panamara deportatu zuten Arrugaeta: “Deportatuen lehen taldekoa izan nintzen. 1984ko urtarrilaren 10ean atxilotu gintuzten, hamabi inguru izan ginen, nahiz eta zerrendan 47 pertsona inguru zeuden. Bi egun egon ginen desagertuta. Gure abokatuari dei bat egin arte inok ez zuen gure berri. Urte bereko maiatzean, Kubara joan ginen; hiru aldeko akordioa izan zen. Dokumentazio eta paperik gabeko deportazioak izan ziren, ezohiko egoera juridikoetan. Egoera pertsonalak zenbait kasutan oso dramatikoak ziren. Herrialde askotan errefuxiatuak eta deportatuak torturatuak izan ziren. Beste batzuetan, berriz, kartzeleratuak izan ziren, bahitu modura bizi ziren”.
Itzulerak, berriz, “azken etapan” eman ziren “aldaketa politikoekin” zerikusia duela dio Arrugaetak, “su-etena edo armagabetzea, batzuk aipatzekotan». Hala, 40 urte etxetik kanpo egon ostean bueltatu zen. Dioenez, “amnistiatuta” itzuli da; inoiz pentsa ez zuen modura.
Urte gogorrenak 1979 eta 1984 artean izan zirela aipatu du: “Lehen lerroan nengoen, eta euskal politikak asko markatu dituen urteak izan ziren. Ordutik, gaur egun arte”.
Gatazkako ahaztuak diren galdetuta, Arrugaetak zera dio: “Ahaztuak gara, baina zergatik? Egoera ezezagun bat eman zen, eta arraroa, gainera. Gu ez ginen konturatu eta euskal gizartea ezta Espainiakoa ere ez, baina traketsak izan ziren. Gatazka nazioarteko bihurtu zuten”.
“Onura ekonomikoak”. Panisellok liburuan aipatzen ditu deportazioaren aferan Espainiari laguntzeak beste zenbait herrialderi, bereziki Frantziari eta deportatuak hartu zituzten Afrikako eta Ameriketako herrialdeei ekarri zizkien onura ekonomikoak. Horiek baieztatu ditu Bermeoko bizilagunak: “Askotan esaten dut euskal deportatuen kiloa goi-goitik kotizatu zela”. Liburuan irakurri daitekeenez, “Frantziaren kasuan, Espainiak sinatutako proiektu militarren eta AHT abiadura handiko trenaren kontratuen bidez, eta gainerako herrialdeen kasuan, garapenerako laguntzen bitartez”.
Arrugaetak uste du “garrantzitsua” dela horri buruz idaztea. Historialari kataluniarraren liburua, gainera, “objektibotasun osoz” idatzita dagoela dio: «Oso gutxi aztertuta dagoen gai bat da. Panisellok informazioa batu eta aztertu egin du, eta begirada hori, gainera, kanpotik egiten du, hau da, ez dauka gatazkagaz zerikusirik. Bestalde, gertakariak lotzeko gaitasuna erakutsi du, modu interesgarrian egin du. Puzzle baten moduko piezak dira gertakariak. Konturatzen zara gauzak gertatzen direla arrazoi jakin batzuengatik eta ondorio jakin batzuekin”.
Zenbait dokumenturen faltan, hala ere, ETAren kasuan, esaterako, Arrugaetaren ustez, inoiz ezingo da “ikuspegi osoa” eduki: “Dokumentu horietara ez daukagu sarbiderik eta inoiz ez dugu edukiko, estatuaren sekretuak dira”. Paniselloren liburua, baina, “ona” dela uste du, eta batu daitekeen informazioa kontuan izanda, “konpleto” geratu dela dio; “interpretazio koherentea eta zentzuduna egiten du. Ezezaguna ez den gai bat jorratzen du, gauzak desestalita”.
“Interesgarria” izango delako, herritarrak gonbidatu ditu biharko aurkezpenera, eta galderak egitea proposatu du.