Saharar herriaren askatasuna eskatu dute
Sahararrek bizi duten larrialdi-egoeraz talde politikoak eta, batez ere, herritarrak kontzientziatu gura izan zituzten atzo.
Saharar herriaren askatasuna eskatzeko elkartu ziren atzo, Gernika-Lumon. Udaletxearen aurrean hasita, Sahararren borroka aldarrikatzeko eta ikusarazteko martxa egin zuten udalerriko kaleetan zehar.
Sahararrek bizi duten larrialdi-egoeraz talde politikoak eta, batez ere, herritarrak kontzientziatu gura izan zituzten: “Berrogei urte baino gehiago daramatzagu bakearen bila, eta berriz ere eraso armatu basatien aurrean bidezko defentsa egin behar izan dugu”.
Horrelako egoera larriaren aurrean, “Mendebaldeko Saharan bizi den Marokoko errepresio aparatuak giza eskubideak etengabe urratzen” dituela salatu zuen atzo Juventud Activa Saharauik, “Espainiako Gobernuak berehala esku har dezan”.
Espainiako Gobernua dela Mendebaldeko Sahararen egoera politikoaren “erantzulea” uste dute: “NBEri, Europar Batasunari eta Espainiako Gobernuari deskolonizazio-prozesua amaitzeko eskatuko diegu, baita Marokok nazioarteko legedia etengabe urratzen duen arren jasotzen duen zigorgabetasunagaz amaitzeko ere”.