Asmakizun onenaren bigarren saria jaso du Seber Altubek
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen Egin&Ekin sariketan seigarren urtez parte hartu du ikastolak, eta bosgarrenez hartu du saria.
Gernika-Lumoko Seber Altubeko ikasleek Asmakizun Onenaren bigarren saria jaso dute. Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Egin&Ekin lehiaketako Accesit saria lortu du Valerid, Ixone, Urko eta Peruk osatutako DBH 2. mailako taldeak.
Seigarren urtez parte hartu du ikastolak lehiaketan, eta bosgarrenez jaso du saria. Seber Altubeko talde sarituak aire kutsadura garbitzen duen dron baten maketa eraiki eta hori kudeatuko duen enpresa sortu du aurten. Hain zuzen, Eko Dron 2000 enpresa da sortutakoa, eta kideen ustez, lur planetaren jasangarritasuna bermatzeko beharrezkoa den asmakizuna da.
Ekaitz Lejarzegi irakasleak azaldu duenez, asmakizun horrek gaur egun hain ezagunak diren dronak ingurumena zaintzera bideratzea “ideia berritzaile eta sortzailea” izan da.
14 proiektu. Bizkaiko gaztetxoen artean ekintzaile izaera sustatzea du helburu Egin&Ekin lehiaketak. Taldeka antolatuta, produktu edo zerbitzu berri bat asmatzea da proiektuaren abiapuntua. Asmakizunaren maketa eraiki behar dute ikasleek, eta dokumentazioa prestatu. Ikasturte honetako edizioan Bizkaiko 36 ikastetxek eta milatik gora ikaslek parte hartu dute lehiaketan. Hain zuzen, Seber Altube Ikastolak 14 proiektu sortu ditu Teknologiako saioetan.