Marijesiak, berdintasuna bultzatzearen eredu
Emakundek jaietan berdintasuna bultzatzeko erabilitako estrategiak landu ditu, tartean Gernikako Marijesiena. Udalerriko tradizio zaharra zelan eguneratu duten jaso dute azterlanean.
Emakundek Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategia ikerlana aurkeztu du, jaietan berdintasuna eta emakumeen parte hartzea bultzatzeko erabili diren estrategia ezberdinak ikertuz eta analizatuz. Horretarako, bederatzi herrietako jaiak ikertu dituzte: Gernika-Lumo, Bilbo, Berriz, Gasteiz, Amurrio, Laudio, Donostia, Antzuola eta Tolosa. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Marijesien kasua aztertu dute.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren arabera, tradizioak “elementu garrantzitsuak” dira herrietako giza kohesiorako, baina horiek garai berrietara egokitzea beharrezkoa dela dio: “Berdintasuna bermatzeko jaiak eguneratzea ezinbestekoa da justizia sozialari dagokionez eta horrela eskatzen dute emakumeek, mugimendu feministak eta gizarte osoak”. Hori horrela, ikerketan jasotako esperientziak pizgarri izatea espero du, beste herri batzuetako jaiak “garaiotako errealitate sozialera egokitzeko”. Ikerketa Lidia Montesinosek, Margaret Bullenek eta Begoña Pecharromanek osatu dute, 2018an Hondarribiko alardean egoera gogortu eta gero.
Ikerlanean zehaztu dutenez, Marijesiek tradizio zaharra eguneratu dute, eraldaketa hori gatazka eta eztabaida handirik barik gauzatuz: “Emakumeen inguruan pentsamolde berritua hedatu delako izan da posiblea hori, baita jendeak babesa agertu duelako ere”. Lehen gizonezkoek bakarrik osatzen zuten abesbatza erabat mistoa da gaur egun.
Emakumeen desirak eta tradizioaren iraunkortasuna bultzatu gurak abiarazi zuela aldaketa argudiatu dute ikerketan: “Tradizio honekiko interesaren ondorioz, ospakizunetan parte hartzen hasi ziren Gernika-Lumoko emakumeak, nahiz eta horretarako gonbidapenik jaso ez zuten”.
Hain zuzen ere, emakumeen parte hartzeari buruzko lehen erreferentzia Parrokiako agiri batean dago jasota, Brisas Guerniquesas aldizkarian hain zuzen (1957, 7.zk, 1.or). Fernando Arsuaga parrokoak hurrengoa idatzi zuen: “Askoren atsekabea eta pena, duela urte batzuk gizonen ahots baxuen artean emakumezko ahotsak entzun zirelako, orain arte ezagun genuen behe-doinua urratuta. lastima litzateke bide berriak txertatzeak Gernikako ohiturarik klasikoenetako bat hondatzea”. Marijesiek zehaztu dutenez, ezin dute marijesi zaharren artean albiste hori berretsi, baina idatzizko erreferentzia “oso argia” dela azpimarratu dute.
60ko hamarkadan, bi emakume marijesientzako txokolatea eta tortilla prestatzen hasi zirela kontatu dute, eta horietako bat marijesiak kantatzera animatu zela diote, urte luzez, marijes ezagunena bilakatu arte.
“Ondoren, 70eko hamarkada baino lehen, hiru emakume gaztek bederatziurren osoa egingo zutela erabaki zuten, gizonei entzun baitzieten emakumeek ezin zutela abestu esaten”. Marijesiek gogoratu dutenez, Jose Antonio Martijaren apunteetan jasota dago 1972an bazirela 40 mutil eta lau neska abesten, baina andrek ez zutela bederatziurren osoa egin zehaztu dute. “1978ko abenduan, urte hartan soilik, emakume bik egin zuten bederatziurren osoa, pixka bat kikilduta, inork zerbait esango zien beldur. 60ko hamarkadan hasitako emakume hura kenduta, urte haietan parte hartu zuten gainerako emakumeek aldizka hartu zuten parte, baina, zalantzarik gabe, ordura arteko ohitura urratu zuten”, diote marijesiek.
1980tik aurrera, marijesien argazkiek agerian uzten dute emakume gazte gutxi zegoela taldean, baina parte hartzen zutela, “apurka-apurka euren lekua lortuz”. Emakume horiek ez zirela nabarmentzen kontatu dute: “Emakume gazte izateagatik, ez zieten erabateko ongi etorririk egiten; inork parte hartzerik ukatu ez bazien ere, bazekiten bere presentziak esamesak eta intsinuazioak eragiten zituela”. Zailtasunak zailtasun, gero eta neska gazte gehiago animatu ziren parte hartzera. Hala, 1993an emakume “dezente” aritu zirela kantatzen jakinarazi dute. Gaur gaurkoz, gizon baino emakume gehiagok parte hartzen dute egun batzuetan.
Lehenengo emakumezko bakarlaria. Emakumeen parte hartzea “osoa” izan zedin gainditu beharreko beste erronka bat bakarlaria emakumezkoa izatea zen. “1999 inguruan emakume bat boluntario aurkeztu zen, baina ez zuen behar besteko babesa jaso. 2013an beste batek egin zituen entseguak, baina ez zen kalean abestera iritsi”. Azkenean, 2018ko abenduaren 23an emakume bat izan zen bakarlaria lehendabizikoz: Ane Miren Arejita Abaitua.
Azterlanaren ikerlariek zehaztu dutenez, bakarlaria trebatzeko konpromisoa izan da hori lortzeko gakoetako bat: “Gizon bakarlariek eta taldeak berak konpromisoa agertu dute kantua emakume batekin lantzeko, hark bakarlari gisa parte hartu ahal izan dezan. Taldearen babesa ezinbestekoa izan da prozesuan”.
Marijesiek betetzen duten bederatziurrena elizari lotutako erritual izatetik elizatik kanpoko lagun talde batek antolatutako tradizio izatera pasatu da. Zabaltze horregaz batera, emakumeek parte hartzeko bidea erraztu zela azaldu dute ikerlariek: “Elkartzen diren askok ez dute sentimendu erlijiosoak bultzatuta parte hartzen, tradizioarekiko errespetuak eta maitasunak bultzatuta baizik”.
Helburu eta erronkak. Azterlanaren helburu nagusia Bizkai, Araba eta Gipuzkoako jaietan emakumeen eta gizonezkoen berdintasuna sustatzeko prozesu eta estrategiak bilatzea izan da. Horretarako, emakumeen eta gizonen parte hartze parekidea ahalbidetzeko jaietan egokitzapen-prozesuak abiatu dituzten herriak bilatu dituzte, eta parte hartze parekidea lortzeko erabilitako estrategia eta metodologiak jaso dituzte. Aldaketa-prozesu horiek burutzeko sortutako estrategiak identifikatzen dira azterlanean. Estrategia horien artean daude adostasun-akordioak, parekidetasuna sustatzeko ekintzak, bai erakundean bai jardueretan, baita genero-estereotipo oso markatuak erreproduzitzen dituzten jaietako pertsonaiak aldatzea ere.
Txostenak jasotzen dituen erronken artean, udalerri bakoitzeko jaietan berdintasunaren inguruan hausnartzeko eta “lan egiteko gune bat” sortzea proposatu dute. “Laborategi moduko bat, gero udal behatokien sare bat sortzeko, non berdintasuneko eta jaietako teknikariak eta politikariak inplikatuko diren, ikaskuntza kolektiboko espazioak ahalbidetzeko”, azaldu dute egileek.
Jai-ereduari genero-ikuspegitik heltzeaz gain, azterlanak udal teknikariak prestatzeko eta berdintasunaren arloko legeria aplikatzeko gomendioak jasotzen ditu, emakumeen presentzia bermatzeko parte-hartze eta berdintasun handiagoko jai-eredu batean.
Hainbat eragilerekin hitz egin dute azterlana egiteko. Azpimarratu dute askotariko estrategiak identifikatu dituztela, baina aldaketak ez direla egun batetik bestera egiten, eta tradizioen eraldaketa prozesua motela da: “Eragile anitzen inplikazioa eskatzen du”.