18 egur lote banatu ditu Nabarnizko Udalak
18 loteak zozketa bidez banatu ditu zozketara apuntatutako 22 herritarren artean.
Azken lau urteetan egin bezala, sutara botatzeko egurra herritarren artean banatu du Nabarnizko Udalak. Herriko mendi publikoetan lortutako egurrezko 18 loteak zozketa bidez banatu ditu zozketara apuntatutako 22 herritarren artean; iaz bederatzi lote zozkatu zituzten.
Hain zuzen, Galarregi alboan, 30 urte dituen pagadi batean eta Motrollo inguruko beste eremu batean zuhaitzak tartekatu dituzte; 11 lote eta zazpi lote atera dituzte hurrenez hurren. “Zuhaitzak tartekatu eta itxura edo egoera txarrenean daudenak moztu dituzte. Izan ere, hazi ahala, zuhaitzek espazio gehiago behar izaten dute, baita eguzki gehiago ere. Hala, batzuk kendu ditugu ondo daudenek espazio gehiago izateko. Zuhaitzez betetako eremu guztietan egiten da”, azaldu du Bernardo Goiriena udal arduradunak.
Moztutakoez gain, eremu horietan haizeak edo elurrak botata eta apurtuta zeuden egurrak ere aprobetxatu dituzte, baita sikatutakoak ere. “Aprobetxagarriak diren egurrak herritarrek sutarako erregai gisa erabiltzeko banatu ditugu. Denetarik izan dira: lizarrak, urkiak, gaztainondoak, haritzak…”.
Lan horiek udalak egin ditu, Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendi Zerbitzuetako arduradunen oniritziagaz eta basozainaren laguntzagaz. Zuhaitzak tartekatzeaz eta egurren mozketaz baso-lanetako enpresa bat arduratu da, eta udalak 1.120 euroko aurrekontua bideratu du horretarako. Gero, lurrean zabal botata zegoen egurra zinta bategaz banatu zuen udalak, “loteak zehaztuz, eta bakoitzari zenbaki bat jarriz”. Zintaz banatutako eremu horiek zozketatu zituzten gero.
Egur loteak banatuta, herritarren artean energia ekologikoaren erabilera bultzatzea izan da udalaren asmoa, baita egurra aprobetxatzea eta “betidanik” bertan egon diren zuhaitz mota ezberdinen aniztasuna eta garrantzia azpimarratzea ere.
Hori horrela, datorren urtean ere berdina egin gura du Nabarnizko Udalak.