Emakumezkoen Euskal Ligaren azken faseko partiduak jokatuko ditu Gernika RTk
Urbietan jokatuko dute zapatuan, 17:00etan. Hurrengo partidua, berriz, Gasteizen lehiatuko dute.
Emakumezkoen Euskal Ligaren azken fasean, Gernika RTko eta Getxo RTko jokalariekin osatutako taldeak bi partidu jokatuko ditu datozen asteotan.
Gernika-Lumoko klubeko zortzi jokalari eta Getxoko hamabi daude: “Aurreko partiduetan, lesioak zirela eta jokalari gutxiago geunden partiduak jokatzeko, eta beraz, Getxokoekin batu gara azken partiduetarako taldea osatzeko”. Azaldu dutenez, barikuetan entrenatzen dute elkarrekin, eta gainontzeko egunetan, bakoitzak bere herrian egiten ditu lan-saioak.
Aipatu moduan, azken fase honetan bi partidu lehiatzea aurreikusita daukate. Zapatu honetan [maiatzak 22] Universitario Bilbaoren kontra jokatuko dute, 17:00etatik aurrera, Urbietan.
Hurrengo partidua, berriz, etxetik kanpo izango da. Gasteizen Gaztedi Rugby Taldearen kontra jokatuko dute maiatzaren 30ean [domeka], 11:30ean.
Bilboko eta Gasteizko taldek “aurkari gogorrak” direla zehaztu dute: “Ematen du bietatik Bilbo gogorrago dagoela. Bilbok joko oso ordenatua egiten du, eta horrek guri ere eskatuko digu joko ordenatua egitea. Biak goiko multzoan egon dira jokatzen aurreko fasean, beraz, orain arte ez dugu euren kontra jokatu. Guk hamabira jokatu dugu aurreko partiduetan, eta eurak hamabostera jokatzen egon dira denboraldi osoan, eta hori igarriko da”.
Apirilaren 10ean Durangon lortu zuten denboraldiko lehen garaipenaeta hilabete pasatxo lehiatu barik egon ostean, gogotsu daude, eta bi taldeen artean “giro oso ona” daukatela adierazi dute. Jokalari denek elkar ondo ulertzea funtsezkoa da, eta beraz, hori frogatzeko Bilboko taldearen kontrako partidua garrantzitsua izango da: “Printzipioz bi partidu hauekin amaituko dugu liga, eta hamabosna jokalariko modalitatekoak izango dira. Gustura gaude partidu hauek jokatzeko aukera daukagulako, eta gogoagaz, batez ere hamabostera jokatzeko, horrek motibatzen gaitu. Alkarregaz jokatuko dugun lehenengo partidua da, eta ea zapatukoa zelan irtetzen den”.