"Denboraldi hau hamarrekoa izan da; ea igoera lortu ahal dugun"
Independienteren kontra lehiatuta, Ohorezko Mailara igotzea lortzeko bigarren aukera dauka Gernika RTk datorren astean. Azken urteotako talderik onena daukatela dio Iker Olaeta gernikarrak.
Finaleko porrota ahaztu eta datorren asteko partiduan pentsatzeko unea da. Zelan dago taldea?
Baxu. Ez dira egun asko pasatu. Azkenengo minutuetan partidu hori galtzea, bueltako bidaia… Domekakoa asimilatzen egon gara. Goizaldeko ordu batetan lur jota eta nekatuta heldu ginen etxera. Astelehena deskonektatzeko eguna izan zen, eta martitzenean berriro martxan hasi ginen. Uste dut behintzat egoera gainditzeko gai izango garela, datorren asteko partiduari aurre egiteko eta horretan buru-belarri jartzeko. Ea orain hurrengo aukera aprobetxatu ahal dugun eta igoera lortu.
Kapitain modura presioa sentitu duzu egun hauetan?
Presioa beti dago. Partidu batean, 80 minutuan hilabete askoko lana dago jokoan, eta batzuetan ez da erraza. Baina, azken batean, gu errugbira jokatzen adierazten gara, eta presioa badago, baina ez da hainbesterainokoa. Zelaian zaudenean dena atzean uzten da, eta dena ahazten da.
Independienteri irabazteko zein da zuen estrategia? Zer egin behar du taldeak?
Eurena aztertuko dugu, baina guk gure lana egin behar dugu, eta domekan jokatu genuen moduan jokatu. Horrela jokatzen badugu, irabazten ez badugu ere hurbil ibiliko gara seguru. Domekan egin genuen lehenengo zatiagaz denok ikusten genuen eurek baino hobeak ginela. Eta azkenean hartu genuen kolpea nahikoa gogorra izan zen. Denok pentsatu genuen irabazi egingo genuela, edo irabazteko aukera asko edukiko genituela. Lehen entrenamenduak animoa altxatzeko izan dira, eta gutxika-gutxika denon artean elkarri animoak altxatzea tokatu zaigu, datorren asteko partidura ahalik eta ondoen heltzeko.
La Vilaren kontrako finalean azkenengo minutuetan garaipenak ihes egin zizueten. Ze irakaspen atera dituzue domekako finaletik?
Uste dut jokalari denok ikusi dugula telebistan, eta gure akatsetatik ikasi behar dugu. Euren taldearen batez besteko adina gurearengandik oso urrun dago. Gurean jendea oso gaztea da. Agian, ez daukagu eurek daukaten eta halako finaletan behar den esperientzia puntu hori. Agian, hori izan zen eurek partidua irabazteko eduki zuten beste puntu bat gehiago.
Zelai barruan zelan bizi izan zenuten finala?
Lehenengo partean ez genituen errematatu errematatu behar genituen jokaldiak. Eurak atzean utzi genituen, baina oraindik ere atzerago utzi beharko genituzkeen. Hurbil geratu ziren, eta gero, entsegu bat sartu zutenean, eurak gora etorri ziren eta hiru minutuan bi sartu zituzten. Hor eman zioten partiduari buelta. 60. minutuan eurak gorantz etorri ziren eta gu beherantz. Lesio pare bat eduki genituen eta txartel hori bat, eta eurek eroan zuten partidua. Finalaurrekoa hemen gure alde tokatu zen azkenenego minutuan, eta han eurei tokatu zitzaien. Azkenengo ostikada eduki zuen eurenak, bat erdi-erditik huts egin zuen eta beste bat nahikoa gaitza izkinatik sartu egin zuen. Ni taldearen beharragaz geratzen naiz. Sekulako talde gaztea dugu, eta denek jarraitzen badute eta bide onetik segitzen badugu, urte onak etorriko zaizkio Gernika Rugbyri.
Zale barik jokatu dituzue ligako partidu ia denak, eta domekan gutxi batzuk bertan egon ziren. Zelako babesa sentitu zenuten? Zelako giroa egon zen?
Izugarria izan zen. Hainbeste kilometrora jokatu eta 100-150 pertsona Gernikatik joatea, denak Gernika Rugbyren kamisetekin animatzen ikustea laguntza itzela izan zen. Urte guztian eduki ez dugun gauza bat izan da. Zelaira irten eta hori ikustea hunkigarria eta polita izan zen. Eta herrian egon den mugimendua ere handia izan da, banderak ere hainbatetan egin behar izan dituzte. Bultzada hori igarri dugu, eta ilusio handiagoagaz hartzen dira horrelako partiduak. Eskerrak eman gura dizkiet Alacantera etorri zirenei, laguntza hori asko igarri genuen, eta Gernikan egon dena ere asko eskertu dugu, eta oso babestuta sentitu gara.
“Uste dut azkenengo urteetan egon den
talderik onena eta konpletoena dela”
Domekakoa da denboraldi honetan galdu duzuen partidu bakarra. Ordurarteko dena irabazteko zein izan da giltzarria?
Uste dut etxeko jokalarien bloke oso ona dagoela, orain dela urte askotatik egon ez dena. Aitzol, Urrutia eta haiek egon ziren aurreko igoeratik ez da egon gaur egun daukagun moduko blokerik. Talde sendo bat edukitzeko horrek asko laguntzen du, eta baita zerbait gehitzeko kanpotik datozen jokalariek ere. Horrek liga erregular batean zein play off batzuetan asko laguntzen du.
Denboraldi honetan zelan ikusi duzu taldea? Zelako taldea osatu duzue?
Uste dut azkenengo urteetan egon den talderik onena eta konpletoena dela. Eta etxeko jendeak eman duen kalitatezko saltoa azpimarratuko nuke. Gazteek 20-25 urte dituzte, gehienek 21 bat inguru, eta jokoan daukaten maila ikaragarria da. Espero dut horrela segitzea, oraingo urtean ibili diren ilusio beragaz, eta hemendik bost-sei urtera, eurek esperientzia handiagoagaz bloke oso indartsu bat edukitzea.
“Etxeko jendeak eman duen kalitatezko saltoa azpimarratuko nuke”
Zeintzuk dira taldearen nortasunaren ezaugarri nagusiak?
Egiten dugunarekiko eta taldearekiko maitasuna eta borondate asko. Ordu asko dira hemen pasatzen ditugunak, eta gauza asko utzi behar dira albo batera hemen egoteko. Ez gara bizi honetatik, eta momentu batzuetan ez da erraza hori dena eroatea. Beharra, familia, lagunak… gauza asko daude, eta honek ordu asko kentzen digu. Ezeren truke jendeak klubagaz daukan konpromisoa oso garrantzitsua da.
Zelan deskribatuko zenuke 2020-2021 denboraldia?
Denboraldi hau hamarrekoa izan da. Lehen esan dudan moduan, galdu dugun partidu bakarra, galdu dugun legez ahal izan genuen irabazi, pare bat detaile ondo egin izan bagenitu eta zorte apur bat eduki izan bagenu. Hala ere, denboraldia hamarrekoa da. Pena izan da pandemiagatik baldintzatuta dena desberdina izan delako. Irabazten denean eta gauzak ondo doazenean jendeak gehiago laguntzen du, jendea gehiago hurbiltzen da, eta gauzak errazagoak dira. Errugbyarenak berezkoak diren hirugarren denborak edota taldeko afariak ezin izan ditugu egin… Talde baten parte diren horiek ez egitea ere tristea da, baina hau tokatu zaigu, eta ea datorren denboraldian halako gauzak egin ahal diren.
Noiz hasi zineten igoeran pentsatzen, posible zela ikusten?
Ez da egon momentu zehatz bat, uste dut urte guztiko gauza izan dela. Hasieran zalantzak beti egoten dira, jende berria datorrelako eta taldea zelan osatuko den, zelan egokituko diren zalantza dagoelako. Baina ondo egokitu eta denok ondo elkar ulertuta taldearen potentziala ikusi zenean argi geneukan posible zela. Plantilla ere hamarrekoa izan da. Aurreko denboraldian, pandemiagaz dena gelditzean, bai zuzendaritzak eta bai jokalariok egin genuen apustua denboraldi honetan igotzeko apustua zen. Hasieratik jakin genuen egingo zen taldea igoera borrokatzeko lehia horretan egoteko izango zela. Hasiera batetik buru-belarri egon gara hori lortzen ahalegintzeko lan egiten.