Auzholan elkarteak antolatuta, Bizkaigane bisitatuko dute
Zapatuan joango dira Errigoitira; bisitan parte hartu gura dutenek bihar arte daukate izena emateko aukera.
Bigarren bisita gidatua antolatu du Busturiko Auzholan elkarteak zapaturako. Oraingoan, Bizkaiganen egiten duten lana ezagutzeko aukera edukiko dute izena ematen dutenek.
Elikadura burujabetza helburu, Bizkaiganek 35 urte daramatza Errigoitin. Ardi eta behi esneki osasuntsu eta gustagarriak ekoiztu eta salmenta zuzenean gertuko eskualdeetan banatzen dituzte, baita ere plazetan, denda txikietan eta etxerik etxe. Produktu guztiak ekologikoak dira.
Izen ematea, bihar arte. Zapatuko bisita gidatuan parte hartu gura dutenek bihar arte daukate izena emateko aukera. Horretarako, mezu bat bidali behar dute auzholan@gmail.com helbide elektronikora edo nahiago izanez gero, 633 38 75 42 telefono zenbakira deitu.
Zapatuan bertan 11:00etan aterako dira parte-hartzaileak Busturitik; Altamira auzoko plazan bilduko dira denak batera joateko. Izan ere, ibilgailu pribatuetan joango dira.
Busturiko Kontsumo Taldea indartzeko eta herrian eskaintza interesgarria egiteko, Auzholan elkarteak ekoizleei bisitak egiteko prestatu duen programaren baitako bisita da zapatukoa. Uribe Butroeko Sareagaz batera hilean behin antolatzen dituzte bisita gidatuak, “baserrietan bertan, zuzenean ikusteko”.