Arte plastikoei "airea eta lekua"
‘Erakusleiho’ proiektua jarri du martxan Maria Vallejo artistak, arte plastikoa zabaltzeko asmoz. Urdaibaiko artisten lanak ezagutaraztea eta horiei balioa ematea da helburu nagusia.
Arte plastikoentzako leiho berri bat sortu da Gernikan. Asko dira kultur arloan desberdindu daitezkeen arte diziplinak: antzerkia, musika, dantza… Horien guztien artean arte plastikoei bultzada emateko asmoz, Erakusleihoa kultur proiektua jarri du martxan Maria Vallejo artistak.
Ekoizlea da Vallejo, eta bere bulegoaren erakusleihoa Urdaibaiko artistentzako lekua izatea pentsatu du, euren lanak bertan jartzeko aukera eskainiz. “Nire lana dokumentalak bultzatzea da, eta horregatik sortu nuen Azaroa Films ekoiztetxea. Baina artista ere banaiz, eskultura zein koadroak sortzen ditut, eta bulego bat hartu nuen etxetik ateratzeko. Bulegoko erakusleihoan zer jarri pentsatzen nuen bitartean otu zitzaidan Erakusleihoa proiektua martxan jartzea”, azaldu du artistak.
Maria Vallejo: “Espainiako erakusketen %27 bakarrik dira emakumezkoenak”
Kultur proiektu bat da bultzatu duena, sorkuntza eta sorkuntza plastikoko obrak gizarteratzea helburu duelako. “Inguruko ekosistema sortzailea ikusgai jartzea da proiektuaren asmo nagusia”. Izan ere, herriko edo inguruko artisten lanak ezagutaraztea bilatzen du.
Artista bakoitzak lan bakarra erakutsi ahalko du, berak nahi duen eran: “Artistek normalean kultur etxeetan erakusketak jarri ohi dituzte, baina ezin dituzte urtez urte jarri. Eta eurak zertan dabiltzan jakiteko balioko du proiektuak”. Izan ere, artistak uste du arte plastikoetako artisten lanak eta obrak ez direla horrenbeste ezagutzen: “Polita da ezagutza hori bultzatzea”. Vallejok dio herri mailako mugimenduak edota kutur mugimenduak sustatuz landu beharreko zerbait dela arte plastikoak bultzatzea: “Behetik, herri mailatik landu beharreko kontua da”.
Gema Intxausti margolari gernikarra izan zen erakusleihoan bere obra erakusten lehena, eta Olatz Landaren lanak hartu du orain Intxaustiren lekukoa. Vallejok zehaztu duenez, hilabete eta erdiz egongo dira artisten lanak ikusgai. “Marian Gerrikabeitia argazkilariaren lana ikusiko da gero. Getxokoa da bera, baina Laida hondartzagaz lotura estua dauka”.
Halako proiektuak bultzatzea «beharrezkoa» dela deritzo Olatz Landak: “Oso ausarta iruditzen zait. Kulturak ez du saltzen, eta halako postu bat sortzea guk gure artelanak erakutsi ahal izateko ideia oso ona da”. Erakusleihoa izateak bere mugak dituela dio artistak, baina jende gehiagorengana heltzeko ere balio duela nabarmendu du. “Bestelako formatu bat dauka, eta interesgarria iruditu zait”.
Emakumezkoak dira euren obrak erakusten lehenengoak, izan ere, sortzaile diren emakumeei euren lanak erakusteko aukera eskaini gura izan die Vallejok: “Ez da emakume artistentzako lekua soilik izango, baina horrela hasi da proiektua, eta hala jarraituko dugu. Izan ere, ikerketa batzuek diotenaren arabera, Espainiako erakusketen %27 bakarrik dira emakumezkoenak. Hori oso gutxi da, eta euren presentzia gehitu gura dugu”.
Halaber, sortzaile gazteak ere erakarri gura ditu artistak, inoiz erakusketa bat egin ezin izan dutenak, esaterako. “Euren lanak ezagutarazteko aukera da, eta erakusleihoa zelan antolatu gura duten ere pentsatu ahalko dute”, adierazi du.
Leku “desberdina”
Erakusleihoa Agirre Lehendakariaren plazan dago, Gernika-Lumoko tren geltokiaren aurrean. Leku esanguratsua da, asko baitira handik egunero pasatzen diren herritar zein bisitariak. Gainera, erakusleiho formatua izateak ere eragina daukala uste du: “Hau ez da galeria bat, erakusleihoa baizik. Kanpotik obrak ikusteko aukera eskaintzen du, eta hori positiboa da”. Artistaren ustez, herritarrak museoetara joaten dira, baina ez galerietara: “Galeriak gune elitistak direla uste dute askok, baina ez da horrela. Koadro asko batzeko lekuak dira, artista bati edota gai orokor bati buruzkoak. Nire proiektua ez da hori. Oso sinplea da. Nik lekua uzten diet, eta eurek nahi dutena jarri dezakete”.
Leiho bat elementu arkitektonikoa da, argia eta haizea sartzen uzten duena, eta ideia hori bere horretan mantendu gura izan du artistak: “Gernikan proposamen txiki bategaz arte plastikoei argia, lekua eta airea ematea da nire asmoa”.
Hori horrela, egoera hobetzen denean, sortzaile eta herritarren artean solasaldi txikiak egin gura ditu Vallejok, euren arteko hartu-emanak bultzatzeko. “Horiek argazki eta bideoekin jasotzea gustatuko litzaidake: interpretazioaren interpretazioa egitea, alegia. Baina hori etorkizunean pentsatzeko kontua da».
Olatz Landa: “Ausarta iruditzen zait proiektua, bestelako formatu bat dauka”
Gainera, herriko beste enpresa batzuek ere euren erakusleihoak era horretan aprobetxatzea bultzatu gura du: “Musikaren arloan Iparragirrek bere kabuz hartu du iniziatiba, baita Astrak ere. Baina arte plastikoetan ez dago horrelako aukerarik. Badaude bi taberna koadroak eta argazkiak jartzen dituztenak, baina nik nire ekarpena egitea pentsatu nuen, eta beste batzuek ere gauza bera egitea gustatuko litzaidake, arteari zabalkundea emateko. Egongo dira lokalak, nirearen moduan leku bat libre dutenak eta egin dezaketenak. Hori oso polita izango litzateke”.
“Bizitzaren metafora”
Gaur gaurkoz, Landaren artelana ikus daiteke erakusleihoan. Hain zuzen ere, naturari erreferentzia egiten dion koadroa da ikusi daitekeena: ”Bizitzaren metafora bat da: jaio, hazi, heldu eta hil egiten garelako”.
Lorea da obraren elementu zentrala, bizitzaren adierazle gisa. Baina alu bat ere irudikatzen du obrak, bizitzaren iturri bezala. “Artelanaren azpian, gainera, zuzenean naturatik hartutako loreak, maskorrak, fosilak… jarri ditut, denboraren joan-etorria erakusteko”.
Alde teknikoari erreparatuz, olio-pintura da, baina serigrafia teknika imitatu du artistak. Azpian azaltzen diren elementuak maneiatu gabekoak dira.