Udal langileak: "Ahalik eta arinen negoziazio mahaian batu behar gara"
Gernika-Lumoko udal langileek "negoziazio mahaia zabaltzeko" eskatu dute gaur goizean, udaletxearen aurrean. ELA eta LAB sindikatuetakoak deialdi bateratua egin dute, eta duela bi urte epaitegiak eman zuen sententzia exekutzatzeko eskatu dute berriro.
Gernika-Lumoko udal langileek negoziazio mahaia deitzeko eskatu diote gaur goizean udalari. ELA eta LAB sindikatuek deialdi bateratua egin dute, eta 40 langile inguru batu dira udaletxearen aurrean.
Salatu dutenez, joan den abenduaren 2tik daramate batzarrik barik, eta asko dira zehazteko dituzten gaiak: “Ez daukagu aurtengo egutegirik, ez dakigu jubilatzeko dauden langileen postuekin zer gertatuko den, giza baliabideen planaren berririk ez daukagu, eta OPEei buruz ere ezer ez dakigu”.
Hori horrela, negoziazio mahaia ahalik eta arinen irekitzeko eskatu dute bi sindikatuek: “Asmoa, ahalik eta arinen, mahaia irekitzea da. Hori da arazoez hitz egiteko eta konpontzeko bidea. Arazo asko daude negoziazio mahaian hitz egitekoak, baina batzarrik egon ezean, gauza guztiak airean geratzen dira. Ez dakigu kontutan hartzen duten gure iritzia edo ez, ez dakitelako zein den”.
Bost hilabete hauetan bi sindikatuek idatzi desberdinak aurkeztu dituzte, baina udalaren aldetik ez dutela “inolako erantzun positiborik jaso” salatu dute. “Hasieran pandemiagatik ez batzartzea erabaki zuten, gero uda zen aitzakia, baina irailean ere ez dira martxan jarri. Oso momentu puntualetan, eta guk presionatu diegulako erantzun dute”, adierazi dute sindikatuetako ordezkariek.
Koronabirusaren ondorioz, udaletxeko langileen arazoak “handitu” egin direla diote, eta hori udaletxeko giroan nabaritzen dela. LABek dio, otsailean ere beste gutun bat sartu zuela, sei gauza eskatuz: “Negoziazio mahaia deitzea; balorazioa behingoz amaitzea; bajan dauden langileak ordezkatzea, asko ez direlako ordezkatzen; telelanari buruz berba egiteko ere eskatu genuen, balorazio bat egiteko; eta, udaletxeko balorazio psikosoziala egitea ere eskatu genuen, giroa gero eta txarragoa delako”.
Sententzia exekutatzeko eskaera. Kontu batzuk “arazo oso puntualak” direla azpimarratu dute, “10 minututan konpontzekoak”; tartean, langileen egutegia. Hala ere, Gernika-Lumoko udal langileek lanpostuen balorazioari buruzko auzian duela bi urte epaitegiak eman zuen sententzia exekutzatzeko eskatu dute berriro. “Sententzia atera zenetik bi urte pasatu dira, eta oraindik arazo berdinagaz jarraitzen dugu. Egia da pandemia igaro dela, baina hori denontzako arazoa izan da. Denok gaude oso nekatuta, bi urte daramatzagu honekin, eta luze egiten dabil. Negoziazio mahaian batu egin behar gara”, adierazi dute ELA eta LABeko ordezkariek.
Enpresak ez duela “langileekin kontatzen” diote: “Gu azkenak gara eurentzako, ez diegula ardurtu ematen du. Urtebetean hain negoziazio mahai gutxi egotea inoiz ez da gertatu. Udaletxetik ez dugu ikusten aurrera egiteko asmorik dagoenik”.