Saharar herriaren askatasuna eskatuko dute domekan, Gernikan
Juventud Activa Saharauik deituta, domekan, 12:00etan, udaletxe aurrean batuko dira gernikarrak.
Saharar herriaren askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egingo dute gernikarrek domekan, 12:00etan, udaletxe aurrean.
Askatasunaren aldeko martxa izango da, Saharar herriaren borroka aldarrikatzeko eta ikusarazteko baliatuko dutena. Izan ere, talde politikoak eta, batez ere, herritarrak kontzientziatu gura dituzte sahararrek bizi duten larrialdi-egoeraz: “Berrogei urte baino gehiago daramatzagu bakearen bila, eta berriz ere eraso armatu basatien aurrean bidezko defentsa egin behar izan dugu”.
Horrelako egoera larriaren aurrean, “Mendebaldeko Saharan bizi den Marokoko errepresio aparatuak giza eskubideak etengabe urratzen” dituela salatuko dutela adierazi du Juventud Activa Saharauik, “Espainiako Gobernuak berehala esku har dezan”. Izan ere, Espainiako Gobernua dela Mendebaldeko Sahararen egoera politikoaren “erantzulea” uste dute. “NBEri, Europar Batasunari eta Espainiako Gobernuari deskolonizazio-prozesua amaitzeko eskatuko diegu, baita Marokok nazioarteko legedia etengabe urratzen duen arren jasotzen duen zigorgabetasunagaz amaitzeko ere”.