Udal langileek negoziazio mahaia eskatuko dute bihar
Bihar, 11:000etan, udaletxe aurrean elkarretaratzea egingo dute LAB eta ELAk deituta.
Gernika-Lumoko udal langileak negoziazio mahaia eskatzeko elkarretaratzean batuko dira bihar, 11:000etan, udaletxe aurrean. ELA eta LAB sindikatuek dei bateratua egin dute, eta langileak deitu dituzte elkarretaratzean parte hartzera: “ELA eta LAB sindikatuok ditugun diskrepantziak alde batera utzita, Gernika-Lumoko udaletxeko eta erakunde autonomoetako langileei elkarretaratzera hurbiltzeko deia egiten diegu”.
Izan ere, diotenez, urte guztian ez dute negoziazio mahai “bakar bat” ere izan: “Abenduaren 2tik daramagu batzarrik barik”.
Langileek ez dutela aurtengo egutegirik salatu dute: “Ez dakigu jubilatzeko dauden langileen postuekin zer gertatuko den, giza baliabideen planaren berririk ez daukagu, balorazioaren aferaren inguruan lanpostuen balorazio berria egingo dela jakin dugu, baina OPEei buruzko berririk ere ez daukagu”.
Hilabete hauetan bi sindikatuek idatzi desberdinak aurkeztu dituzte, baina udalaren aldetik ez dutela “inolako erantzun positiborik jaso” salatu dute.