Kirol Patronatuak hiru kirol bono sortu ditu bazkide ez direnentzat
Instalazioetarako, frontoietarako eta padel pistetarako bonoak dira, eta Santanapeko kiroldegian edo Urbietan eros daitezke. Bakoitza 10 bider erabili ahalko da.
Gernika-Lumoko Kirol Patronatuak kiroldegiko instalazioetarako, frontoietarako eta padel pistetarako bono sistema berria ezarri du Kiroldegiko bazkide ez direnentzat.
10 erabilerako bonoak dira, 14 kirolgunetarako sarbidea eskaintzen dute urte guztian zehar, eta, gainera, eguneko sarreretan deskontuak dakartzate.
Bonoen prezioa 30 eurokoa da instalazioetarako eta frontoietarako, eta 39 eurokoa padel pistetarako. Kirol Patronatuko arduradunek zehaztu dutenez, bonoak Santanapeko kiroldegian edo Urbietan eros daitezke.
Nabarmendu dutenez, baina, bonoak erabiltzerakoan ere aldez aurretik online erreserbatu beharko dira lekuak, udal-atariaren bitartez, Santanapeko kiroldegiaren aurretiko hitzordua espazioan. Hala ere, hiru frontoiak erabiltzeko ez da ezinbestekoa erreserba egitea, baina lehentasuna emango zaie eskatu duten pertsonei.
Jon Lejarraga Kirol Patronatuko presidenteak azpimarratu duenez, kirol-ekipamenduak erabiltzen dituzten kirolari eta erabiltzaile guztiek ezarritako arauak errespetatu beharko dituzte, jarduerak segurtasun- eta autobabes-baldintzetan egin ahal izateko: “Betiere gizarte-urruntzeari eutsiz”.