Bost urtetan 1.481 paziente artatu ditu zauri konplexuen diziplina anitzeko unitateak
Bost urte bete ditu Barrualde Galdakao ESIko zauri konplexuen diziplina anitzeko unitateak, eta unitatea martxan jarri zenetik, antibiotikoen erabilera murriztu egin dela diote.
Barrualde Galdakao ESIko zauri konplexuen diziplina anitzeko unitateak 5 urte bete ditu, eta bosturtekoan 1.481 paziente artatu dituzte profesionalek; 59 lehenengo urtean eta 424 iaz. Bestalde, 10.292 kontsulta, 915 barne kontsulta eta 606 kontsulta ez presentzial egin dituzte 2016az geroztik.
Adin guztietako eta edozein zerbitzuko pazienteak tratatzen dituzte, baita zerbitzu berezi eta larrialdietakoak ere. Ospitaleko pazienteez gain, lehenengo kontsulta ez presentziala egin ondoren, lehen mailako arretatik eta egoitzetatik bideratutakoak ere.
Tratatzen dituzten lesio nagusiak dira oin-diabetikoa, ultzera benosoa, zauri kirurgikoen deshizentiak eta lesio iskemiko birbaskularizatuak. Hala ere, bost urte hauetan beste zerbitzu batzuekin lankidetzan aritzeak mota guztietako zauriak artatzea eragin du. “Hasieran lesio baskular gehiago ikusten ziren, baina urteak igaro ahala, gero eta zerbitzu gehiagoko kontsultak egiten ditugu, eta, beraz, era guztietako zauriak ikusten ditugu, edozein lekutan”, azaldu du Paz Beaskoetxea Zaurien Unitateko erizain arduradunak.
Unitatean berebiziko garrantzia ematen diote bizkor tratatzeari, ingresuak murrizteari, alta goiztiarrak eman ahal izateari eta talde lanari: “Zauriak dauzkaten pazienteak larrialdietarako zerbitzuan bertan artatzen ditugunez gero, ospitaleratzeak saihesten ditugu, eta unitate honetako paziente bihurtzen dira, ez bada egoerak okerrera egin duelako ospitaleratu behar ditugula”.
Unitatea martxan jarri zenetik, antibiotikoen erabilera murriztu egin dela diote, erabilitako teknikei esker zauriak hobeto sendatzen direlako eta infekzio klinikoaren tasak murriztu egiten direlako. Pazienteentzat daukan abantailez ez ezik, ospitaleko kostuak murrizteko abantailak dakartza unitateak. Izan ere, ingresuak gutxitzean, murriztu egiten dituzte zauri horiek artatzeak dakartzan kostuak. “Oin-diabetiko konplexua zuten pazienteen batez besteko egonaldia 14 egunekoa izan zen 2019an; egonaldi laburra patologia mota horren estandarrerako”, adierazi du Melina Vega zirujau baskularrak.
Izan ere, tratamenduaren aldarkotasuna murrizteko eta zauri konplexuen emaitzak hobetzeko jarri zuten martxan diziplina anitzeko unitatea 2016an, “zauri konplexuak, kronikoak edo orbaintzen zailak direnak tratatzeko eta osorik zaintzeko”. ESIko arduradunek jakinarazi dutenez, zauri konplexuak dira tratatzen dituztenak, pazienteen bizi kalitateari zuzenean eragiteren diotenak. Unitatea martxan jartzeari esker irizpide asistentzialak bateratu egin direla diote, zuri horien tratamenduaren aldakortasuna murriztuz eta esku-hartzeak normalizatuz, “betiere pazientearen patologiaren eta zauri motaren arabera”.
Unitatea gaitasun aurreratuak dauzkaten eta arlo horretan adituak diren erizaintzako bi profesionalek eta Kirurgia Baskularreko, Traumatologiako, Gaixotasun Infekziosoetako eta Endokrinologiako zerbitzuetako medikuek osatzen dute. Eta, azpimarratu dutenez, pazienteak tratatzen dituzte, ez zauriak bakarrik. “Horregatik da hain beharrezkoa diziplina anitzeko tratamendua. Horrek pazientearen osasun egoeraren ikuspegi orokorra izatea eta arreta integrala ematea errazten duelako”, adierazi du Beaskoetxeak. Bere berbetan, gaixoen asebetetzea “hobetu” da, “zaurien eta ultzeren orbaintze denborak murriztu direlako eta pazienteen ongizatea hobetzen duelako”.
Erreferentea. 2016ko maiatzaren 12an lehen pazientea artatu zutenetik, erakundeko profesional asistentzial guztientzat erreferente izatea bilatu dute, zauri konplexuekin zerikusia daukan edozertarako.
Unitatearen jarduera bi arlotan banatzen da: jarduera klinikoa eta prestakuntza. “Irakasleak gara ikasten ari diren proesional sanitarioei prestakuntza eskaintzen diegulako, bai praktiketako erizainei, bai Kirurgia Baskularreko eta Traumatologiako fakultatibo egoiliarrei. Halaber, etengabeko prestakuntza eskaintzen diegu beste zerbitzu batzuetako eta lehen mailako arretako unitateetako profesionalei, zauri konplexuak diagnostikatzeko eta sendatzeko ezagutza zabalagoa eduki dezaten”.