Xixiliko kadete taldea, Bizkaiko Txapeldun
Kadete mailan, Eider Mugirak zilarrezko domina eta Naia Arrazuak brontzezkoa irabazi dituzte. Umeen kategorian, berriz, Naia Gorostiaga bigarren sailkatu da. Bizkaiko Txapelketaz gain, Macarena Villa Torneoa lehiatu dute asteburuan.
Xixili klubeko kadete mailako taldeak Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen zapatuan, Leioan. Horrez gain, klub bermeotarrak hainbat domina lortu zituen bakarkako lehietan.
Kadete mailan, Eider Mugirak zilarrezko domina eta Naia Arrazuak brontzezkoa lortu zituzten mazoekin egindako ariketetan. Umeen kategorian, berriz, Naia Gorostiaga txapeldunorde geratu zen (pilotagaz aritu zen).
Euskadiko eta Bizkaiko txapelketak lehiatuta, Espainiako Txapelketan parte hartuko dute ekainaren 24tik 28ra Valladoliden (Gaztela eta Leon). Kadete mailako taldea taldekako lehian arituko da, eta bakarkakoei dagokienez, gazte, kadete eta ume kategorietan edukiko du ordezkaritza Xixilik. Arrazua, Mugira eta Izaro Trespalacios kadete mailan lehiatuko dira, Gorostiaga ume mailan eta Nile Aberasturi gazte mailan. “Atzeratu egin dute, eta beraz, entrenatzeko hilabete bat gehiago daukagu. Sailkapen horiengatik pozik gaude. Espainiako Txapelketan podiuma lortzea zailagoa da, eta helburuak bestelakoak dira. Gimnasta onak dira, eta ariketa oso lehiakorrak dituzte, baina ondo egin behar da, eta faktore asko daude. Lana ondo egitea, euren lana erakustea eta eurak egindakoagaz gustura eta pozik geratzea da helburua”, azaldu du Paula Barcelo Xixiliren entrenatzaileak.
Macarena Villa Torneoa. Bestalde, zapatu arratsaldean eta domeka goizean egin zuten Macarena Villa Torneoa. Aurten beste hainbat torneotan egin modura, zoom plataforma digitalaren bitartez egin zuten txapelketa.
Oinarrizko eta absolutu kategorietako gimnastek lehiatu zuten torneoa. Bakarkakoetan, gazte mailan Aberasturik lehen postua lortu zuen, eta Arrazua hirugarren sailkatu zen kadeteetan. Bestalde, Xixiliko kadete taldea bosgarren sailkatu zen.
Torneon egondako parte hartzea azpimarratu du entrenatzaileak: “Galizia, Asturias, Kantabria, Errioxa, Madril, Katalunia… autonomia erkidego askotako ordezkariak egon ziren. Parte hartzea handia egon da”.