Ligako txapeldun, historian lehenengoz
Denboraldi hasieratik lidergoari eusten aritu da talde gernikarra, eta klubaren mendeurrenean bigarren mailan ariko da.
Erregulartasunak saria ekarri ohi du sarritan kirolean, eta SD Gernika Clubekoek Hirugarren Mailan sari bikoitza lortu dute aurten. Ligaren bigarren fasearen azken aurreko jardunaldian igoera ziurtatu zuten, eta zapatuan, berriz, liga garaipena. Klubaren historian lehenengoz ligako txapeldunak dira.
2020-2021 denboraldiak ahaztezina izateko osagai asko eduki ditu. COVID-19ak baldintzatutakoa izan da, eta urtarrilean Aitor Gandiaga jokalari gaztearen heriotzak eragindako saminak arrasto nabarmena utzi du denengan.
Izan ere, Lander Torrealdai Gernikaren kapitainak esan moduan, urte hasieran, txarrenean jarrita ere, halako gauza bat gertatzea ez du inork espero: “Urte hasieran espero genuen urte polita izatea, eta bat-batean, polita izatetik, justu kontrakoa izatera pasatu zen. Halako kolpe bat jasota gero, gaitza da denboralditik zerbait positiboa ateratzea. Emaitzak hor daude, igoera hor dago, baina pertsona bat ez dago. Ez nuke esango denboraldi positiboa izan denik. Egia da lehenengo aldiz Gernikaren historian liga bat irabazi dugula. Baina, aurreko asteburuko partidua amaitu eta igoera lortu genuenean, tristura, nostalgia, norbaiten falta sentitu nuen. Hori izan zen lehenengo sentsazioa, sentimendua”.
Arlo pertsonalean futbolean bizitzea tokatu zaion urterik “gogorrena” izan dela zehaztu du gernikarrak. Kirol arloan, berriz, kontrakoa. Denboraldi itzela egin dute, “emaitza aldetik urte ezin hobea” izan da, eta zentzu horretan euren helburuak bete dituzte: “Beti esaten da Gernikako aldagelak zerbait berezia daukala, baina hori leku askotan esaten da. Gauzak egin behar dira, eta uste dut, oraingoan ere ekintzen bidez erakutsi eta baieztatu dugula aldagela honek xarma berezi bat daukala. Halako kolpe baten ostean, gehiago batu ginen, eta igoerako helburua berari eskainitako helburu moduan lortzeko jarri genuen. Aldagela moduan harro sentitzeko modukoa da”.
Zaleak ere gogoan eduki ditu kapitainak. Igoera Gandiri eskainitakoa izan da, baina baita zaleei eskainitakoa ere: “Zelaira sartu ezin izan den jendea gogoan eduki dugu beti. Pantaila edo hesi baten atzetik egon dira partidu asko jarraitzen, eta nahiz eta zelain ez egon, eskertzekoak dira euren animoak”.
Gernikak 59 puntugaz irabazi du liga, eta 56 puntugaz bigarren sailkatuta, Real Sociedad Ck ere igoerako txartela eskuratu du. Zapatuan lehiatutako azken jardunaldian, 1-2 irabazi zion CD Vitoriari. Hain zuzen, ligaren bigarren fasearen sei jardunaldietatik bost irabazi eta batean berdinketa lortu du talde gernikarrak.
“Denboraldi hasieratik ikusten zen talde ona geneukala. Hasieran emaitza onak ateratzen hasi ginen, olatu ona harrapatu genuen, eta bukaeraraino mantendu gara horretan. Liga hasieratik amaitu arte lehenengo joan gara, eta horrek erakusten du oso erregularrak izan garela denboraldian zehar”, azaldu du jokalari gernikarrak.