Eduardo Maidagan: "Aurrera begiratu behar da; bi aste barru beste final bat daukagu"
Ohorezko B Mailan txapeldunorde geratu da Gernika Rugby Taldea. Liga garaipena eta Ohorezko Mailarako txartela eskuan eduki ditu igoera faseko finalean, baina azken momentuan La Vilak aurrea hartu dio.
El Pantanoko atzoko porrotetik ikasi eta hurrengo asteko neurketa prestatzeko lan egin behar dute orain basurdeek. Igoera faseko finalean markagailuan aurretik joan zen Gernika Rugby Taldea, baina 26-22 irabazi zuen La Vila RCk. Alacanteko taldea da aurtengo ligako txapelduna, eta datorren denboraldian Ohorezko Mailan jokatuko du. Talde gernikarrak, ostera, Ohorezko Mailako azken aurreko sailkatua den Independiente RCri irabazi beharko dio Ohorezko Mailara bueltatzeko: “Oso gogorra izan da, baina aurrera begiratu behar da, eta bi aste barru beste final bat daukagu”, dio Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak.
Maiatzaren 29an edo 30ean jokatuko dute promozio igoera. Eguna eta lekua erabakitzeko bi taldeak ados jarri behar dira. Adostasunik egon ezean, Espainiako Errugbi Federazioak erabakiko du: “Bi taldeok ados jartzea gaitza izango da. Eurak zelai sintetikoan izatea nahiko dute, eta guk belartzan jokatu gura dugu. Euskal Herritik kanpo joan beharko dugu, hemengo zelaietan ezin dugulako publikoagaz jokatu. Valladolidera, Madrilera edo ahal den lekura, baina gure jendeagaz joan gura dugu”.
Independiente Ohorezko Mailako talde bat dela gogoratu du: “Liga horretan jokalariak oso handiak eta oso gogorrrak dira, eta erritmoa oso arina da. Gu prestatuta gaude hor jokatzeko”. Kantabriako taldearen kontrako partidua, Fenixen edota La Vilaren kontrako partiduen modukoa izango dela uste du. Atzo gertatu moduan, “huts egite txiki bat erabakigarria” izan daiteke: “Fenixen kontrakoan eurek akats bat egin zuten eta guk irabazi genuen, atzo guk egin genuen akatsa eta La Vilak irabazi zuen”. Esan duenez, atzo azken hiru minutuetan gertatutakoa onartzeko eta gainditzeko lanean daude oraindik. Hor galdu zuten partidua.
Villajoyosan 200 bat zaleren “bultzada” eduki zuten, eta Gernika RTren entrenatzaileak azpimarratu du partidu “oso ona” egin zutela, baina azken momentuan egindako akatsek erabaki zutela garaipena: “Lehenengo zatian eurak baino gehiago izan ginen, oso ondo egon ginen zelaian. Bigarren zatian apur bat beherantza joan ginen; eurek gu baino hobeto jokatu zuten. Hiruzpalau akats txiki egin genituen, eta hori ordaindu genuen”.
Neurketaren lehen lau minutuak beteta, Siyabonga Masukuk zigor-ostiko baten bitartez markagailuan 0-3koa ezarri zuen. Gero, basurdeen erasoetako batean, epaileak zigor-entsegua adierazi zuen, euren mesedetan. Nagusitasunez aritu ziren, partidua kontrolpean zutela, eta hamabost minutu jokatuta, etxeko taldeak punturik lortu barik segitzen zuen eta hamar puntuko abantaila zeukaten.
Hain zuzen, Masukuk zigor-ostikoen bitartez lortutako puntuek bizia eman zioten markagailuan tartea zabaltzeko asmoz lanean zebilen Gernika Rugby Taldeari. 20. minutuan, Tomas Etxeverryk CR La Vilarentzat neurketako lehen entsegua lortu zuen, eta Arthur William-en transformazioarekin, 7-13koa ezarri zuten markagailuan. Lehen 40 minutuak betetzeko bost bat minuturen faltan, Masukuk tartea handitu zuen, eta 7 eta 16ko markagailuagaz amaitu zuten lehenengo zatia.
Bigarren zatian, etxeko taldea sendo, jarrera irmoagaz zelairatu zen. Zigor-ostikoz Masukuk lortu zituen bigarren zatiko lehen puntuak, baina, jarraian, CR La Vilak entsegu batekin erantzun zion; Salvador Palomares jokalariak egin zuen entsegua. Minutu gutxiren buruan, etxeko taldeak hirugarren entsegua (Ignacio Caini) lortu zuen, eta hemeretzinako berdinketa ezarri zuen markagailuan. Finala amaitzeko hamar bat minutu falta zirenean, epaileak, joko zikina egotzita, txartel horia atera zion Gernika RTko Jon Aboitizi. Gero, Masukuren bitartez, Gernikak aurrea hartzea lortu zuen, baina, talde gernikarraren zenbait akats aprobetxatuta La Vilak markagailua irauli zuen, partiduan lehenengoz aurretik jarriz.
Partidua amaitzeko hiru minutu falta zirenean, Stephen Anthony Martinez etxeko jokalariak bere taldearentzat laugarren entsegua egin zuen, eta Arthur Williamenek transformatu zuen.