Busturialdekoak Bizkaiko Trainerilla Txapelketaren podiumetatik kanpo geratu dira
Asteburuan Ondarroan lehiatu dute Bizkaiko Trainerilla Txapelketa. Absolutuetan, Mundaka emakumezkoetan eta Bermeo gizonezkoetan laugarren sailkatu ziren atzo. Elantxobe, berriz, bosgarren geratu zen gazte mailako gizonezkoen finalean.
Absolutuei dagokienez, emakumezkoen lehian, Deustuk, Ondarruk eta Isuntzak osatu zuten podiuma. Hamazazpi minutu, 28 segundo eta 98 ehunenean burutu zuten estropada Deustukoek. 38 segundo eta 43 ehuneneko aldea atera zieten Ondarroakoei, eta 51 segundo eta 73 ehunenekoa Isuntzakoei. Mundaka (19.49,37) eta Portugalete (22.00,10) laugarren eta bosgarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Gizonezkoetan, Itsasoko Ama izan zen azkarrena: 14.47,81. Hamabi segundo eta 45 ehunenera sailkatu zen Zierbena, eta Isuntzarentzat izan zen hirugarren postua. Isuntza Itsasoko Amarengandik hamasei segundo eta 25 ehunenera geratu zen. Podiumetik kanpo geratu ziren Bermeo eta Arkote. Bermeoko taldea Santurtzikoarengandik hemeretzi segundo eta 92 ehunenera sailkatu zen.
Gazte mailan, Isuntzako mutilek 16.42,26 denboragaz lortu zuten bandera. Hamalau segundo eta 27 ehuneneko aldea atera zieten Itsasoko Amakoei. Deustu izan zen hirugarrena, irabazlearengandik 47 segundo eta 18 ehunenera sailkatuta. Ondarru eta Elantxobe sailkatu ziren laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren. Elantxobek irabazlearengandik minutu bat, 39 segundo eta 80 ehunenera amaitu zuen estropada.
Nesken finalean Kaiku nagusitu zen: 18.57,07. Harengandik 28 segundo eta 84 ehunenera amaitu zuen Isuntza bigarrenak, eta Deusturentza izan zen brontzea (19.43,81). Ondarru laugarren sailkatu zen, Kaikurengandik 50 segundo eta 34 ehunenera.