Baserritarren lana, plazara
Maierrek bultzatutako Gizarte Eraldaketa proiektuaren baitan, San Isidro Eguna ospatu dute gaur Gorabidekoek eta San Fidel Ikastolakoek. Baserritarren lanari balioa ematea eta gizarte kohesioa bultzatzea bilatu dute.
Ingurumena, gizarte kohesioa, hezkuntza eta kultura sustatu gura ditu Maierrek, eta hori bultzatzeko Gizarte Eraldaketa proiektua garatzen dabiltza. Eragile desberdinak batzen dituen ekimena da iaz lehenengoz egin zutena, eta aurten ere garatu dute. Zuhaitz Astearen ordez, San Isidro Eguna ospatu dute gaur Gorabide eta San Fidel Ikastolako gazteek Gernika-Lumoko Merkatu plazaren aurrean.
“Aurten ere, Gizarte Eraldaketa planaren barnean garatutako ekimenen artean, Zuhaitz Astea 2021 proiektua gauzatzeko nahia azaldu genuen, baina pandemia garai honek ezarritako murrizketak direla eta, ekimena birpentsatu beharra izan dugu”, azaldu du Kemen Goitiandia Maierreko proiektu arduradunak.
Komunitatearen dinamizazioa eta hartu-emana sustatzea dira proiektuaren helburuak, baina osasun eta segurtasun neurriek baldintzatuta, eragile desberdinen arteko hartu-emanak alde batera utzi beharrak proiektuaren hedadura laburragoa izatea eragin du. Izan ere, iaz, Maierrek, Lurgaia Fundazioak, Gorabidek, Gufe-Ifasek, Astrak, eta Allende Salazarreko eta San Fideleko ikasleek parte hartu zuten. Aurten ez da horren jendetsua izan, Maierrek, Gorabidek eta San Fidelek parte hartu dutelako.
Baserriko eguneroko lana. Hori horrela, egungo egoerara moldatutako ekimena burutu dute gaur goizean: “Ekimena aurrera ateratzea garrantzitsua zela uste dugu”. Natura eta ingurumena zaintzearen kontzientziazioa bultzatu zuten iazko ekimenagaz, eta aurten baserritarren eguna balioan jarri gura izan dute. “Baserritarren bizi usadioen goraipamena egin gura izan dugu, euren egunerokotasuna landuz”. Elkarteen agerikotasuna ere bilatu dute.
Hori horrela, baserritarren usadioak lantzeko tailerrak egin dituzte, Gorabidekoek euren zentroan eta San Fidelekoek ikastetxean. Gaur, egindako horiek erakusteko eta batzeko eguna izan da. Meta bat sortu dute, batzuek eta besteek margoztutako enborrekin. Horiek banan-banan jarri dituzte, jai giroan, gizarte kohesioa bilatuz. “Batzuentzako eta besteentzako onuragarria da horrelako ekimenetan bat egitea”, adierazi du Goitiandiak.
Aurretik, baina, bidea egin dute. Eta egindako hori ere “polita” izan dela diote Gorabidekoek. Izan ere, San Isidro Egunaren aurretik, merkatua sortu zuten zentroaren aurrean: “Merkatua egin genuen, baserritarren produktuekin eta zentrokoek landutako eskulanekin”. Bakoitzaren onena bilatu zuten ekimenagaz. “Ilusio handia da, erronka handia izan da ekimena. Gogotsu geunden, baina zelan egin behar genuen pentsatu beharra zegoen. Astelehenetan zentroan batzen gara guztiok, eta, bertan, ideia desberdinak partekatzen ditugu. Bakoitzarentzat egokitutako ekintzak zehazten ditugu, euren abileziak bilatuz eta praktikan jarriz, gero dena batzeko. Hala otu zitzaigun merkatuaren ideia. Batzuk musikaz arduratu ziren, eta beste batzuk mantelak margotzeaz. Egiten dakiguna erakusteko aukerak bilatu genituen”. Eszenografia “polita” izan zela diote, eta Natxituako baserritar bat ere hurbildu zela azaldu dute, “lehengo Gernika-Lumoko Merkatu plaza zelakoa zen kontatzeko”.
Merkatu horretan ikastetxekoentzako azalpenak grabatu zituzten, baserritarren lanari buruzko azalpenak emanez, eta enborrak margotzeko erronka jarri zieten ikasleei. Umeek erronka onartu zuten. Hala, enborrak ikastetxera eraman eta horiek margoztu zituzten.
Proiektu “berezia”. Gaur denak elkartu dira Merkatu plaza aurrean, eta horrelako ekimenetan parte hartzea “oso berezia” dela adierazi dute: “Eurentzako bakarrik ez da bakarrik gaurko eguna, aurreko guztia baizik. Jakitea horrelako ekimen batean parte hartuko dutela, gazteekin, beti da berezia. Bizipoza ematen du, eta garrantzitsua da jakituria partekatzea”.
Gaur egungo egoeran “mezu positiboak” eskaintzea ere garrantzitsua dela diote, eta horrelako ekintzekin horren alde egiten dutela dio Goitiandiak.