Herria mugiarazteko, kirola
First Lego League txapelketa lehiatu zuten Gernikako San Fidelekoek eta Bermeoko Sagrado Corazonekoek. Gernika-Lumokoak Espainiako txapelketan egongo dira.
Teknologia, zientzia, talde lana, irudimena eta balioak. Horiek guztiak lantzen ditu First Lego League txapelketak. Teknologia eta zientzia uztartuz, programazioa eta robotika lantzen dituzte nazioarteko lehiaketara aurkezten diren ikasleek, eta horien artean egon dira Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolakoak eta Bermeoko Sagrado Corazonekoak.
Sanfitek izenpean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuten San Fidel Ikastolakoek, eta Mondragon Unibertsitateko sariketan sari nagusia irabazi zuten DBH 4. mailako ikasleek. Ondorioz, Espainiako finalerako sailkatu dira.
Aurtengo txapelketan kirola eta aire libreko ekintzak bultzatzeko proiektuak garatu behar zituzten ikasleek, betiere teknologia erabilita. Talde lanean landu behar zituzten proiektuak, eta talde bakoitzak bi arlo jorratu behar zituen: batetik, berrikuntza proiektu bat bultzatu behar zuten eta, bestetik, robota gauzatu. Bi erronketan lan ona eginda, Sanfitekeko ikasleak izan ziren sari nagusia lortu zutenak.
Hiru aldiz aurkeztu dira San Fidelekoak lehiaketara, eta aurten lehenengoz irabazi dute. “Ikasleak urduri zeuden hasieran, eta emaitza onaren sentsazioagaz amaieran. Hunkituta zeuden saria jaso zutenean”, adierazi du Borja Altamira San Fideleko irakasleak. Irailean hasi ziren txapelketa prestatzen, eta ikasleen konpromisoa bikainekoa izan dela dio: ”Hamarrekoa ez, hamaikakoa izan da euren jarrera. Horrelako parte hartzerik barik ezinezkoa izango litzateke irabaztea. Lanean aritu dira, egunez egun, eta txalotzekoa da hori. Politena ez da emaitza izan, bidea baizik”.
Ez zuten irabaztea espero, baina bazekiten “lan ona” egin zutela, eta pozik aurkeztu ziren lehiaketaren aurkezpen ekitaldira: “Aurkezpenak oso ondo egin zituzten, denek egin zuten berba, eta adituen zalantzak bikain argitu zituzten”.
Irailetik abendura bitartean, robota muntatu zuten ikasleek. “2 minutu eta erdian ahalik eta misio gehienak burutu behar ditu robotak. Erronka handia da, eta asko pentsatu behar da robotaren diseinua, honek ere kirol probak gainditu behar dituelako. Lan ona egin dugu”.
Berrikuntza proiektua
Berrikuntza proiektua da lehiaketaren beste atala, eta abendutik maiatzera bitartean gernikar guztiak erakartzeko proiektua gauzatu dute Sanfitek taldekoek. Gai orokorragaz zerikusia duen arazo bat aurkeztu behar zuten lehenengo, eta arazo horri irtenbidea aurkitu gero. “Kirola egitea sustatu behar genuen eta, ondorioz, aire libreko kiroldegi bat egitea pentsatu genuen lehenengo, baina alde batera utzi genuen, ez zelako berritzailea”, azaldu du Altamirak. Asko pentsatu eta gero otu zitzaien azkenean ideia: herrian kirola egiteko zirkuitu bat sortzea.
Topaleku desberdinekin osatutako zirkuitua da ikasleek proposatutakoa, oinez, korrika, bizikletaz zein irristailuekin osatu daitekeena. Jakinarazi dutenez, elbarrituentzat ere egokitutakoa izango da. Zirkuitua osatzeak “onurak” ekarriko dizkie parte hartzaileei, topaleku bakoitzeko ariketak egiteak puntuak emango dizkietelako: “Eta puntuek herriko zerbitzuetan gastatzeko beherapenak izango dira: kiroldegian, liburutegian, kirol klubetako sarreretan…”.
Parte hartzaileek zenbat puntu lortzen dituzten jakiteko, zirkuitu elektroniko bat sortu zuten ikastolakoek: “Gernikako mapa bat irudikatu genuen egurrezko xafla baten gainean, eta zirkuitu elektroniko bat erantsi genion. Arduino plaka elektroniko baten bitartez, zirkuitua osatzera animatzen diren herritarrak nor diren eta nondik pasatzen diren jakin dezakegu”. Pantaila, teklatu eta txartel irakurle bat ere erantsi zioten, bakoitzaren izen-abizenak, modalitatea eta puntuak zehazteko.
“Herri osoa mugitzen duen proiektua da aurkeztu duguna. Kirola egitea bultzatuz, herri oso bat mugiarazten dugulako, ariketa fisikoa egiteak deskontuak dakartza eta. Horregaz, gainera, tokiko merkataritza ere bultzatzen dugu, deskontuek herrian kontsumitzera bultzatzen dutelako”, azaldu du irakasleak.
Joan den zapatuko Mondragoneko sari banaketan Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Innobasqueko presidentea, Arrasateko alkatea eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko erredaktora egon ziren, eta proiektu berritzailearen ideia “asko gustatu” zitzaiela jakinarazi du Altamirak. “Guk ideia eman eta horren prototipoa egin dugu. Hori da gehien gustatu zitzaiena. Idea lantzeaz gain, hori gauzatzea azpimarratu zuten epaimahaikideek”.
Espainiakora, «gogotsu»
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 45 talde aurkeztu ziren lehiaketara, eta horietatik sei sailkatu dira Espainiakora; hiru irabazle nagusiak eta proiektu berritzailearen saria jaso zutenak. Gernikarrak garaileak izan zirenez, bertan ariko dira Sanfitek taldeko hamar ordezkariak. Txapelketarako euren lanean hobekuntzak egingo dituztela aurreratu dute: “Saiatuko gara robota hobetzen, eta proiektua gehiago garatzeko mugikorreko aplikazio bat sortu gura dugu”. Hori da hurrengo erronka.
Espainiara doaz lehiatzera, baina euren asmoa “lana ondo egitea” da: “Badakigu oso gaitza dela han irabaztea, ikastetxeez gain, akademietakoak ere badoazelako. Hala ere, ondo egiteko esperantzagaz joango gara”.
Ekainaren 26 eta 27an lehiatuko da txapelketa, 80 talderen artean.