Garraio Sailak lehiaketara atera ditu Bermeoko tren geltokia berritzeko lanak
Hezetasun arazoekin amaitu gura dute berriztatze lanekin.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio mahaiak lehiaketara atera ditu Bermeoko tren geltokia berritzeko lanak.
Tren geltokian hezetasun arazoak «ohikoak» direla jakitera eman du Garraio Sailak; izan ere, Santamañe kaleko espaloiaren azpian kokatuta dago geltokia, «inolako isolamendurik barik».
Bermeoko tren geltokian honako lanak egitea aurreikusten dute: komun eta geltokiko atariaren gainetik dagoen espaloia altxatu; hormigoizko egituraren saneamendua; iragazgaizte lanak, espaloia berritu; leiho-ertz, euri-uren erreten eta zorrotenei dagokien elementuak jarri; eta altzairu herdoilgaitzeko baranda bat jarri babeserako.
Era berean, azaldu dutenez, Santamañe kaleko kale argien zimenduekin kontaktuan dauden paramentu bertikalak eraitsi gura dituzte. Errefortzua eta iragazketak saihesteko zimenduak jarriko dituzte. Lan horiek egin aurretik, hala ere, pertsonak eta elementuak babesteko, ingurua babestuko dutela azaldu dute.
Lanak bi hilabete eta erdian amaitzea aurreikusten dute, baina tren geltokiaren joan-etorria ezin izango dute eten. Horregatik, bidaiarien joan-etorriekin bateraezinak diren zereginak gauez egin beharko dituztela azaldu dute Garraio Saileko arduradunek.