Espainiako zesta-punta txapelketa hasiko dute asteburuan Ispasterren
Hamazortzi partidu jokatuko dituzte puntistek zapatuan eta beste bederatzi domekan, etengabeko programazioan. 09:00etan hasiko dira partiduak.
Espainiako zesta-punta txapelketako liga jokatuko da asteburuan Ispasterko pilotalekuan. 22 urtetik beherakoek jokatuko dute txapelketa, neskek bikoteka eta mutilek banaka. Bihar [maiatzak 15] eta etzi [maiatzak 16] egongo dira partidak, goizez eta arratsaldez. 36 metroko frontoian jokatuko dute txapelketa.
Bizkaia, Gipuzkoa eta Kataluniako taldeek parte hartuko dute aurtengo txapelketan, tartean Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdekoak. Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskolako bost puntistak jokatuko dute gizonezkoen banakako norgehiagokan: Gorka Mugartegik, Alex Goitiandiak, Aner Arakistainek, Danel Mandiolak eta Martin Ormaetxea Zelaiak. Gernika-Lumoko Euskal Jaikoak hiru izango dira: Iñigo Unda, Eneko Arandia eta Urko Lekerikabeaskoa. Berriatuko Zesta Eskolako Ekaitz Bilbao eta Amets Aldazabal ere lehian egongo dira, baita Mutrikuko Danok Bat taldeko Mikel Manzisidor.
Emakumezkoen binakako txapelketan, ordea, Markina-Xemeingo Eskolako bi bikotek parte hartuko dute, Erika Mugartegi-Arai Lejardi eta Burne Robles-Maddi Bereziartua bikoteek; Berriatuak ere beste bikote bi izango ditu, Elaia Gogenola-Nahia Calvo eta Ihart Arakistain-Maialen Aldazabal, eta Mutrikuko Danok Bat taldearen aldetik Eneritz Lizardi-Naroa Merino bikotea ariko da jokoan.
Guztira, hamazortzi partida jokatuko dituzte puntistek zapatuan eta beste bederatzi domekan, etengabeko programazioan. 09:00etan hasiko dira norgehiagokak gizonezkoen banakako partidekin eta ondoren jokatuko dute emakumeek. Horien atzetik berriro ere gizonezkoak aterako dira kantxara, eta zapatuko jardunaldia nesken lehiagaz amaituko da. Domekan ere berdin, 09:00etan hasiko da zesta-punta jardunaldia gizonezkoen norgehiagokagaz eta nesken partidekin jarraituko du.
Final zortzirenak eta finalaurrekoak ere Ispasterren jokatuko dira datorren astean, maiatzaren 19an eta 20an, hain zuzen ere.