"Eskola txiki biziei esker, herri txikiak bizirik"
Eskola Txikien Eguna da gaur, eta Gautegiz Arteagako Montorre herri eskolakoek eguna ospatu dute. Ezin izan dira Busturialdeko eskola txiki guztietakoak batu, baina eskola txikien garrantzia azpimarratu dute beste behin.
Bizirik daude, eta etorkizunari begira. Eskola Txikien Eguna da gaur, eta merezi bezala ospatu dute Gautegiz Arteagako Montorre herri eskolako ikasleek.
Eguna, baina, ezin izan dute ohi bezela ospatu. Urtero-urtero Busturialdeko bost eskola txikiek elkarregaz eta jai giroan ospatzen zuten Eskola Txikien eguna, eta aurten Montorrekoak bakarrik batu dira herriko plazan. Hala ere, Busturiko Jose Maria Uzelaiko, Eako Haizederreko, Mundakako eskolako, eta Muxikako Urretxindorrako ikasleez gogoratu dira Montorrekoak bertsotan: Montorre eskolatik, heldu gara hona, hauxe da martxa eta giroa dagoena. Aurten bakarrik gatoz, zail dago dena, horrek ematen digu kristolako pena. Beste eskola denak ditugu gogoan, distantziz urrun daude, bihotzez alboan. Hala ere, “seguru” daude denon artean aurre egin eta egoera hau gaindituko dutela, “hurrengo urtean beti bezala ospatzeko”.
Hori esanda, eskola txikien garrantzia azpimarratu dute, beste behin. Arteagako neska-mutilak ikasi nahirik dabiltzala esan, eta famili giroan, eskola barik ez dagoela zereginik nabarmendu dute: “Giro honetan adin guztiak nahasirik, herri honetan eskola barik ez daukagu zereginik. Eskola txiki biziei esker, herri txikiak bizirik”.
Juan Felix Naberanek herriko txikiak zoriondu ditu euren egunean, eta euren gurasoei eskerrak eman dizkie. “Eskerrak eman gura dizkiet gurasoei, eurek egiten dutelako posible herrian eskola egotea. Baita irakasleek ere, eurek lan handia egiten dutelako ikasleei zaintzen eta irakasten”.
Munduan eskolara joan ezin duten umeak izan ditu gogoan: “Munduan daude ume eta gazte asko ezin direnak joan eskolara, edota eskolara joateko hainbat kilometro oinez egin behar dituztenak. Zuek eskolarik onena duzue, eta etxe ondoan gainera”. Hori esanda, ikasteak “libre izatea” adierazi gura duela dio. “Ikasi zertarako? Ikasi libre izateko. Zenbat eta gehiago ikasi, zenbat eta gehiago jakin, gero eta libreagoak izango zarete erabakiak hartzeko momentuan. Etorkizunean mundua zuen eskuetan egongo da. Zuen eskuetan eta zuen moduko Euskal Herriko umeen eskuetan. Aukerak izango duzue mundua aldatzeko eta hobetzeko”.