Bizkaiko Trainerilla Txapelketa lehiatuko dute Ondarroan
Zapatu arratsaldean sailkapen txandak jokatuko dituzte, eta domeka goizean finalak. Bermeok, Elantxobek eta Mundakak bina talde uretaratuko dituzte.
Bizkaiko Trainerilla Ligak aurreko asteburuan amaitu zuten, eta asteburu honetan jokatuko dute txapelketa. Bizkaiko Trainerilla Txapelketa Ondarroan egingo dute. Bihar, 16:00etan hasiko dituzte sailkapen estropadak eta etzi, 11:00etan finalak.
Bermeok eta Elantxobek gazte eta absolutu kategorietan gizonezkoen talde bana edukiko dute, eta Mundakatik, berriz, seniorren emakumezkoen eta gizonezkoen talde bana joango da txapelketara.
Gazte mailan, nesketan lau trainerilla ariko dira eta mutiletan zazpi. Absolutuetan, ostera, emakumezkoen bost talde eta gizonezkoen zortzi talde lehiatuko dira.
Hain zuzen, aurreko asteburuan Ondarroan bertan amaitu zuten liga talde bizkaitarrek.
Absolutu mailan, emakumezkoetan 60 puntugaz irabazi du liga Ondarroak, eta Mundaka A laugarren (42 puntu) eta Mundaka B zazpigarren (26 puntu) sailkatu dira. Kategoria bereko gizonezkoen lehian, Itsasoko Ama A nagusitu da 88 puntugaz. Bermeo A hamargarren (32 puntu), Mundaka hamalaugarren (21 puntu), Elantxobe hamabosgarren (19 puntu), eta Bermeo B hemeretzigarren (8 puntu) sailkatu dira.
Gazte mailan, mutiletan, Isuntzak irabazi du liga, 71 puntugaz. Elantxobek bosgarren (50 puntu) eta Bermeok zazpigarren (35 puntu) amaitu dute liga. Nesketan, ez da Busturialdeko talderik egon; ligako jardunaldietan Deustuk bildu ditu puntu gehien (66 puntu).