Lore bizi, basati eta askeak
‘Lorak’ izeneko erakusketa jarri du Astran Maitane Azurmendi artistak. Lobek bultzatu dute ekimena, eta bere bilduma kulturaren fabrika sozialean erakustea "oso berezia" dela dio. Maiatzaren amaierara arte ikusi ahalko da.
Edward Abbey: “Maite ditut lore guztiak, baldin eta basatiak, askeak eta naturalak badira”. Hala esan zuen basozain gisa Amerikar Estatu Batuetako National Park Servicerako lan egin zuen idazle ezagunak.
Ingurune naturalean kontsumoak izan zuen eraginari eta intrusioari buruz hainbat liburu idatzi zituen idazleak, eta bere esaldi horretan oinarrituta margotu ditu lorak Maitane Azurmendik: “Ez naiz inoiz izan lorak margotzekoa ezta edukitzekoa izan, baina nire lagun baten ezkontzan bere lore-sorta niri eman zidan eta inoiz baino gertuago eduki ditut”. Hala, Frida Kahloren esan ohi zuen bezala, Azurmendik ere loreak margotzearen alde egin zuen, horrela landareak ez direlako inoiz hilko. “Aske eta basati margotu ditu loreak, hala egon behar dutela uste dudalako. Horregatik atzealde ilunagaz margotu ditut, inon egongo ez balira bezala”.
Zuri beltzean irudikatu ditu loreak Azurmendik, Picassoren Gernika koadroak “asko inspiratzen” diolako: “Arrosak margotzen hasi nintzen, baina eguzkiloreak, tulipanak zein bestelako loreak margotu ditut azkenean”.
Tamaina guztietako lanek osatzen dute erakusketa, formatu handi zein txikian irudikatu baititu loreak.
Egindako lana erakutsi asmoz, Astran ikusgai jarri ditu Lorak erakusketa osatzen duten 20 koadroak, eta maiatzaren amaierara arte ikusi ahalko dira.
Astra, “leku berezia”
Guernica Gernikara eta Lobak taldeko kidea da Azurmendi, eta erakusketa kulturarako fabrika sozialean jartzea “oso berezia” dela onartu du: “Luxua da niretzako. Lehenengoz aurkeztu dut nire erakusketa propioa Astran, nahiz eta lehenago beste proiektu batzuetan parte hartu dudan. Astra Gernikako tokirik onena da”.
Guernica Gernikara taldeko partaide den heinean, Gernika koadroak Astran egon beharko lukeela uste du: “Badakit ezinezkoa dela, Astra leku zabala eta irekia delako, eta koadroak zainketa bereziak behar dituelako, baina gustatuko litzaidake. Zikloa iztea suposatuko lukeela uste dut. Bonbardaketan Gernika suntsitu zuten, baina arma fabrika bere horretan mantendu zen, ez zuen kalerik izan. Orain, fabrika horretan artea, kultura, antzerkia… sortzen dira”.
Erakusketako koadroak Azurmendik iaz sortu bazituen ere, bilduma bonbardaketaren urteurrenean jarri du ikusgai. “Lobek proposatu zidaten ideia. Izan ere, bonbardaketaren urteurrenean Zallon lore eskaintza antolaten du udalak, eta gu ez gara inoiz gonbidatuak izan”, azaldu du artistak.