Gernika RTk domekan jokatuko du igoera faseko finala
Basurdeek 120-150 zaleren babesa edukiko dute Alacanten. Gernikaren eta La Vilaren arteko finala 12:00etan hasiko da domekan.
Denboraldi borobila egin, eta igoera faseko finalean sartzeko gogor borrokatu ostean, final handiaren atarian daude basurdeak. Domekan [maiatzak 16] jokatuko dute igoera faseko finala, 12:00etan hasita, Alcanten.
Gernika RT eta CR La Vila. Ohorezko B Mailaren talde indartsuenak zein baino zein gehiago. Biek ala biek ez dute partidurik galdu aurtengo denboraldian. Eduardo Maidagan entrenatzaile gernikarrak esan modura, “Kopa Gernikara ekartzeko ahalegina” egingo dute. Orain arte moduan, euren jokoa eginez gero, irabazteko aukerak dituztela argi daukate. Taldearen nortasuna erakutsiko dute ondo ezagutzen duten aurkariaren kontra. Izan ere, aurten elkarren kontra jokatu ez badute ere, bi talde historikoak aspaldiko ezagunak dira.
Basurdeek zaleen babesa sentitu dute herrian, eta domekan 120-150 zale inguru egongo dira eurak animatzen.
Irabazlea zuzenean igoko da Ohorezko Mailara, eta galtzen duenak, Santanderreko Independiente RCren kontra edukiko du igoera lortzeko bigarren aukera.