Foruko Udalak maskarak eta gelak banatu ditu berriro ere
Gel hidroalkoholikoa eta maskarekin batera, herritarrek Foruko San Kristobal baselizari buruzko informazioa ere jaso dute.
Beste behin ere, Foruko Udalak eskuetarako gel hidroalkoholikoa eta maskarak banatu ditu herritarren artean.
Oraingoan, maskara kirurgikoak banatu dituzte, etxebizitza bakoitzean hamar maskarako pakete bat utzi dutela azaldu du Mikel Magunazelaiak Foruko alkate.
Gel hidroalkoholikoa eta maskarekin batera, herritarrek Foruko San Kristobal baselizari buruzko informazioa ere jaso dute, eskuorri batean.
Baselizaren teilatua konpontzeko egin dituzten lanen berri ematen du eskuorriak, bai eta lan horiek egin bitartean egindako aurkikuntza “garrantzitsuen” berri ere. Hain zuzen ere, hiru harri zizelkatu aurkitu dituzte baselizan, “XVI. mendeko arbasoek baseliza eraikitzeko berrerabili zituztenak”.
Udal arduradunek azaldu dutenez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuaren Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, bere balio arkeologikoa handia da, eta aldundiak San Kristobal baselizaren barruan dauden Gorritizko Andra Mariaren eta San Andresen irudiak “zaharberritzeko konpromisoa” hartu du.