Eskuz margotzetik, marrazketa digitalera salto
Maitane Azurmendi artistak mundu digitalera egin du salto, eta proiektu pertsonal bat abiatu du: 'Mundua eta ni'. Bere pertsonaia sortu eta egunerokotasuneko momentuak transmititzea du helburu.
Loreak pintzelagaz margotzetik marrazkiak digitalean marraztera igaro da Maitane Azurmendi. Batetik bestera salto egin du, eta Mundua eta ni proiektua jarri du martxan. “Buelta asko eman ondoren, nire pertsonaia propioa sortu dut”.
Joaquin Salvador Quino komikigile argentinarraren Mafalda komiki sortaren zalea izan da Azurmendi: “Uste dut Quinok neskato gazte baten bitartez balio eta kritika sozial asko transmititu zituela, emakumeen ahotsak balio gutxi zuenean, eta are gutxiago neskato batenak”.
Iaz hil zen artista argentinarra, eta Azurmendik bere proiektua martxan jartzea erabaki zuen orduan. Azurmendi bera da irudikatzen duen pertsonaia, begi eta aho barik. Eguneroko pasarteak eta sentimenduak irudikatzeko modua aurkitu nahian zebilela otu zitzaion ideia. “Behin irakurri nuen pertsona baten arrakasta egunero egiten duen horretan dagoela. Ez da txerto bat aurkitu behar edota zortzimilako mendi bat igo behar gauza handiak egiteko. Orain, gainera, pandemiagaz gehiago baloratzen dugu egunerokotasunean egin dezakeguna”, dio artistak.
Hala, pertsonaiaren bitartez, bere egunerokotasuna transmititzea bilatzen du artistak, errutinak, nahiak, pentsamenduak, korapiloak, ametsak… “Nire egunerokoa margotzen dut, harritzen nauena, sentitzen dudana, egiten dudana, egitea gustatuko litzaidakeena”. Egunerokotasun hori da bere inspirazio iturria.
Momentu egokia
Eskuz marraztea maite du Azurmendik, baina digitalera salto egiteko momentua zela uste du. “Pintzelagaz margotzea asko gustatzen zait, baina digitalera salto egitea beharrezkoa dela uste dut. Izan ere, salto hori ez emanez gero, atzean geratzen nintzen”, azaldu du, eta kartel lehiaketetan lan digitalak lehenesten dituztela jarri du adibide bezala.
Aldaketa, baina, ez dela erraza izan onartu du, asko izan direlako ikasi beharreko kontuak eta teknikak: “Kostatu zait ikastea, baina denbora igaro ahala gero ikasten eta hobetzen ari naiz. Asko ikasi behar izan dut, baina digitalak sekulako aukerak eskaintzen ditu. Hala ere, uste dut, oraindik jakin beharrekoaren %5 bakarrik dakidala. Salto handia dago, eta apurka-apurka teknika eta aukera gehiago ikasi behar ditut”.
Hala ere, onartu du, eskuz margotzea ez duela alde batera utziko, hori ere asko gustatzen zaiolako.
Gaur gaurkoz, sare sozialetan zabaltzen ditu bere lanak Azurmendik, Twitterren, “hori baita Euskal Herriko irudigile gehienak batzen dituen plataforma”. Bide hori bere lanak ezagutarazteko eta egindako lanari lekua emateko aukera bat dela dio. “Digitalean egindako lanek eskuz egindakoek baino zabalkunde handiagoa lortzen dute sare sozialen bidez”. Jendeak “bikain” erantzun duela esan du artistak, eta jaso dituen mezu guztiak eskertu ditu.
Sortze prozesu bete-betean dago, “oso pozik”. Izan ere, lan digitalez sortutako erakusketa berri bat prestatzen ari da, eta uda amaierarako prest egotea espero du: “Nire pertsonaiari buruzkoa izango da, lehenengoz”.