Janire Arrizabalagak irabazi du Bizkaiko eskolarteko azken kanporaketa Astran
Atzo jokatu zen Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren azken kanporaketa Astran, eta erabakita geratu da maiatzaren 29ko finala. Bertan ariko dira Janire Arrizabalaga eta Jokin Ansotegi bertsolari gernikarrak.
Bizkaiko Eskolarteko Txapelketako azken kanporaketa jokatu zuten atzo hamar bertsolari gazteek Gernika-Lumoko Astran. Puntu gehien eskuratuta, Janire Arrizabalaga gernikarra izan saioko onena, eta finalerako txartela lortu zuen.
Beragaz batera, Jokin Ansotegi gernikarrak, Aitzol Unzuetak, Amaiur Galdosek, Ariane Sololuzek, Izaro Bilbaok, Ixone Asategik, Naroa Jaiok, Sara Asenjok eta Ziara Larrinagak bota zituzten bertsoak. Gai-emaile lanetan Xabier Enbeita aritu zen eta epaimahaia Graxi Arregik, Ander Arrienek eta Alaitz Etxanobek osatu zuten. Idoia Anzorandia aritu zen idazkari lanetan.
Atzokoa Bizkaiko txapelketako azken kanporaketa izan zenez, erabakita geratu zen, baita ere, maiatzaren 29an Igorren jokatuko den finaleko bertsolarien zerrenda. Bertan ariko da Arrizabalagagaz batera Ansotegi. Beste sei bertsolariak hurrengo hauek izango dira: June Diaz, Ander Sarriugarte, Araitz katarain, Ixone Asategi, Izaro Bilbao eta Peio Lago.
Igorreko Lasarte Aretoan jokatuko den finalerako gonbidapenak laster jarriko dituzte eskuragarri Bizkaiko Bertsozale Elkarteko webgunean. Aretoaren edukiera mugatua izango da eta lekuak bukatzen direnean ez da sarrerarik eskuratzeko aukerarik egongo.
Euskal Herriko Eskolartekoa, udazkenean. Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa bere bidea egiten ari da lurraldeetan, eta udazkenean izango da Euskal Herrikoa. Lurraldeetako txapeldunekin eta txapeldunordeekin jokatuko da finala.