Errefuxiatuen lehengo eta gaur egungo errealitatea, Mexikon eta Euskal Herrian
Maiatzaren 15ean Astran egingo duten tailerraren helburua da, ikuspegi feministatik, errefuxiatuak igarotako bi lurralde eta bi une historiko elkarrizketan jartzea.
CEAR Errefuxiatuei laguntza eskaintzeko sareak eta Gernika Gogoratuzek elkarlanean, Mexiko eta Euskal Herriko errefuxiatuen errealitateei buruzko tailerra antolatu dute maiatzaren 15erako: Mugak: atzoko erbestea eta gaurko babesa Mexikon eta Euskal Herrian. Tailerra Astran egingo dute, 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Tailerraren helburua da, ikuspegi feministatik, errefuxiatuak igarotako bi lurralde eta bi une historiko elkarrizketan jartzea. “Gerra garaiko eta frankismoaren lehen urteetako erbestealdiak ezagutuko ditugu, Ipar Euskal Herrian eta Mexikon erbesteratuek zein harrera baldintza aurkitu zituzten, eta zer egin zuten aurrera egiteko”, azaldu dute. Eta errealitate hori gaur egungo errefuxiatuen bizipenekin alderatuko dute: “Bi lurralde horiek igarotzen dituzten errefuxiatuek zelan ihes egiten duten, mugetako politikek euren bizitzetan zelan eragiten duten eta Euskal Herrian zer harrera egiten zaien ezagutuko dugu”.
Jardunaldiagaz eztabaida sortzea eta gaur egun errefuxiatuei harrera hobea egiteko proposamenak kolektiboki eraikitzea da asmoa.
Prestakuntza saioak azalpenentzako tartea edukiko du, baita partaidetzarako ere. Eta, horretarako, hainbat material erabiliko dute: testuak, argazkiak, bideoa…
Maiatzaren 15ean Astrako saioan egon gura duenak aurretiaz izena eman beharko du hurrengo helbide elektronikora idatzita: incidencia@cear-euskadi.org. Mezu horretan, gainera, Gernikako tailerrean parte hartzeko dela adierazi beharko da.