20 urtez istorioak sortzen
20. urtez idazlan koadernoak osatu dituzte Gernika-Lumoko ikasleen lanekin. Guztira, 66 lanez osatutako bi liburu kaleratu dituzte.
Hogeigarren urtez, Gernika-Lumoko zentroetako ikasleen lanak biltzen dituen idazlan koadernoak kaleratu dituzte Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hezkuntza Arloak, herriko irakaskuntza zentroekin elkarlanean. Guztira, 66 lanez osatutako bi liburu kaleratu dituzte. “Urteroko honi ez diogu etenik eman eta konfinamendu egoera hau ere ez da oztopo izan bi idazlan sorta ederra argitara emateko”.
Zentro bakoitzak bere idazlanak aukeratzen ditu, ziklo bakoitzeko bi. Hori horrela, Lehen Hezkuntzakoen liburuan 30 ikasleren lanak jaso dituzte; eskuz idatzita eta jatorrizko marrazkiekin. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko mailakoen argitalpenari dagokionez, 36 idazlan aukeratu dituzte, helduentzako formatuagaz.
Argitalpenak kaleratzeagaz batera, idazleei egindako lana eskertu gura izan diete antolatzaileek, “eurak direlako protagonistak”. Larrialdi egoerak mugatuta, ezin dute urteroko irakurketa ekitaldi orokorra egin, baina zentro bakoitzean irakurketa saioak egingo dituzte sariak banatzeko. Idazle bakoitzak bono saria jasoko du: 30eurokoa LHkoek eta 50 eurokoa DBH eta Batxilergokoek.
Portada lehiaketa. Idazlan koadernoei lotuta, ohi legez, portada lehiaketa egin dute, eta honako hauek suertatu dira irabazle: Lehen Hezkuntzakoen kategorian Uxue Martinez (LH 6.maila), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergokoen artean, Elisei Nita (DHB 2.maila).
Jakitera eman dutenez, lehiaketan parte hartu duten ikasleen lanak ikusgai jarriko dituzte Artekale kalean, maiatzaren 14tik 30era bitartean. Horrez gainera, liburu erakusketa ere jarriko dute asteburuetan: maiatzaren 14, 15, 21, 22, 28 eta 29an, 18:00etatik 20:30era bitartean. “Aurreko urteetako idazlan koadernoak eta Euskara Zerbitzuak zein kultur etxeak ekoiztutako argitalpenak jarriko ditugu”. Beraz, lehenego eta aurtengo ikasleek, gurasoek eta irakasleek aukera izango dute hogei urte hauetako ibilbidearen emaitza dastatzeko.
Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzua eta Hezkuntza Arloaren eskutik, 2002an sortu zuten Idazlan Koadernoak ekimena. Egitasmoaren helburuak ikasleen artean idazmena lantzea eta irakurzaletasuna sustatzea dira. Hala, euskara sendotzea da egitasmoaren helburu nagusia.