Urdaibai Bird Centerrek boluntario kanpaina abiatu du udarako
Boluntarioak izan gura dutenek Urdaibai Bird Centerrek webgunean aurki daitekeen inprimakia bete beharko dute, maiatzaren 20a baino lehen.
Ingurumenagaz eta naturako turismoagaz lotutako arloetan esperientzia hartzea helburu duen boluntarioen programa abiatu du Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerrek. Hain zuzen, ingurumen hezkuntzaren, ekoturismoaren eta ikerketaren arloan gaitasunak garatzea bilatzen du udako programak.
Esperientzia programa hori ekainaren 1etik irailaren 15era bitartean gauzatuko dute, eta txanda bakoitzeko gehienez hiru izango dira parte hartuko duten boluntarioak. Hautatuak aukeratzeko orduan, hilabeteko egonaldiei lehentasuna emango diete. Hauek dira txandak:
- Ekainak 1 – Ekainak 30
- Ekainak 1 – Ekainak 15
- Ekainak 15 – ekainak 30
- Uztailak 1 – uztailak 31
- Uztailak 1 – uztailak 15
- Uztailak 15 – Uztailak 31
- Abuztuak 1 – abuztuak 31
- Uztailak 31 – Abuztuak 15
- Abuztuak 15 – Abuztuak 31
- Abuztuak 31 – Irailak 15
Boluntarioek ingurumen hezkuntza eta Urdaibaiko natura baliabideen dibulgazioa gauzatu beharko dute, “bisitariei informazioa eta arreta emanez”. Gainera, padurako hegaztiak behatzeko eta interpretatzeko jarduerak zuzenduko dituzte, eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserban dauden hegaztien jarraipen eta monitorizazio proiektuetan parte hartuko dute. Hegaztien habitataren kudeaketagaz lotutako proiektuetan ere parte hartzeko aukera izango dute hautatuek.
Kanpainan parte hartzen duten pertsonek Urdaibai Bird Centerren instalazioetan ostatu hartzeko aukera izango dutela adierazi dute arduradunek. Hori bai, mantenua eta joan-etorriak boluntarioen ardura izango direla zehaztu dute.
Maiatzaren 20a. Programan parte hartu gura dutenek hegaztien zentroko webgunean aurki daitekeen inprimakia bete beharko dute, eta hori egiteko azken eguna da maiatzaren 20a. Arduradunek jakinarazi dutenez, hautagaiei maiatzaren 25ean jakinaraziko zaie hautatuak izan diren edo ez. Behin boluntariotza bukatuta, gainera, aldi horretan egindako lanen gaitasun ziurtagiria jasoko dutela azaldu dute.
Izena ematen dutenen artean, parte hartzearen arrazoiak kontutan hartuko dituzte, baita ere boluntarioek esperientziarik edota ezagutzarik duten ornitologian, ekologian edota ingurune naturaletan. Urdaibaiko Biosfera erreserbako natura balioei buruzko ezagutzak izatea ere garrantzitsua dela aitatu dute. Halaber, jendearen arretarako esperientzia edota hizkuntza gaitasuna ere aintzat hartuko dituztela jakinarazi dute.