Oscar Vales: "Talde handia da zentzu guztietan eta play off ia perfektua egin dugu"
Ligaren bigarren fasearen azken aurreko jardunaldian, Gernikak igoera lortu du. Imanol Etxabek bere azken partidua jokatu du. Beste behin Aitor Gandiaga gogoan eduki dute taldekideek.
Bi denboraldi Hirugarren Mailan egin ostean, datorren denboraldian Bigarren Mailara bueltatuko da Gernika, 2 RFEF-ko taldea izango da (lehengo 2.B). Ligaren bigarren fasearen azken aurreko jardunaldian, zapatuan Urdulizi 3-1 irabazita eskuratu zuten igoeraren txartela. Puntu bakarra behar zuten igoera bermatzeko, eta etxeko azken partiduan lortzeak ilusio berezia egiten zien. Azken urteotako ametsa, erronka beteta, “barrura begirako” ospakizuna izan bazen ere, zale batzuk Urbietan egon ziren.
Gandiri eskainitako igoera da; urtarrilean auto istripuz zendu zen Aitor Gandiaga markina-xemeindarra gogoan eduki zuten: “Ezbeharra gertatu zenetik gogoan eduki dugu, eta zoritxarrez, indartsuago izaten lagundu digu, eta amaiera arte borrokatzeko eta gure helburuak lortzeko beste arrazoi bat eduki dugu”, esan du Oscar Vales Gernikaren entrenatzaileak.
Klubean historia egin duen Imanol Etxaberen azken partidua izan zen. 83 golekin, klubaren historiako golegile nagusiena da gernikarra. Klubeko kide askok egindako deskribapenagaz bat etorri da entrenatzailea, Etxabe “eredua” dela azpimarratu du: “Profesional handia da. Partidu guztietan dena eman du, bere zein taldearen errendimendurik handiena lortzeko. Berak nahi zuen moduan erretiratu da, taldeak igoera lortuta”.
“Lehen egunetik azkenerarte”, egiten duten horretan sinistuta aurre egin diete partiduei. Jokalarien konpromisoa eta erantzukizuna aitatu ditu entrenatzaileak: “Egunean-egunean lan egiten dutenarengan kofiantza eduki dute denboraldi osoan zehar. Play off ia perfektua egin dugu. Puntu asko lortu ditugu, baina jakin dugu gure helburu berdina lortzeko borrokan dauden gainontzeko taldeak oso indartsuak direla; Sestao eta Real Sociedad bezalako taldeek play off perfektua egitera behartu gaituzte. Denboraldi honetan multzo gogorra eduki dugu. Balmaseda, Sestao, Somorrostro, Real Sociedad… talde oso inportanteak dira, eta ustez, denboraldi hasieran denek pentsatzen zuten goian egongo zirela. Balio handia ematen diogu lortu dugunari, daukagun aurrekontua ere kontutan eduki behar da, aurrekontu xumea da”.
Egungo egoerak baldintzatuta, “neurrizko ospakizuna” izan zela dio, ilusioz, pozez eta momentu hunkigarriz betetakoa. “Jokalariek zelaitik kanpo ere profesionalak direla erakutsi zuten beste behin. Pandemia honengatik arau edo neurri batzuk bete behar izan ditugu, eta ez da erraza izan”.
Denboraldi “itzela, izugarria” egin dutela nabarmendu du, eta “talde handia” dela, zentzu guztietan, zelai barruan eta zailik kanpo: “Uste dut horregatik lortu dutela lortu dutena. Talde segurua, oso fidagarria denaren sentsazioa eduki dut beti. Partidu asko irabazi ditugu, baina denboraldi konplikatua izan da, oso zaila, oso gogorra”. Esfortzu handia eginda eta futbolean oso ondo jokatuta lortutako garaipenak izan direla gogoratu tu. Jokalariengatik oso harro dago: “Entrenatzaile moduan, denboraldi aberasgarria eta zoragarria izan da; denboraldi honetan lortutakoa hobetzea ezinezkoa da. Jokalariak oso baikorrak, oso lehiakorrak eta asko laguntzen dutenak dira. Entrenatzaile moduan nahi nuena burutu dute jokalariek egunero, plazerra izan da”.