Antzerkira hurbiltzeko ikastaroak martxan daude
Arte eszenikoen mundura lehen pausoa emateko, eukarazko tailer trinkoak antolatu dituzte Artedramak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxea fundazioak.
Beste behin, antzerkira hubiltzeko Keinu antzerki ikastaroak antolatu dituzte Artedramak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxea fundazioak. Kultur eskaintza bultzatzeko helburuagaz, hiru saio prestatu dituzte. Lehenengo saioa asteburuan egin zuten Ziomara Hormaetxegaz Astran, eta beste biak ere kulturarako fabrika sozialean egingo dituzte hurrengo bi asteburuetan.
“Arte eszenikoetara hurbildu nahi duten herritarrei aukera luzatu nahi diegu jolasa, irudimena eta sorkuntza elementu nagusitzat dituen antzerkiaren abenturan murgiltzeko”, adierazi dute arduradunek, eta parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei: “Saioak antzerkigileei, antzerkizaleei eta etorkizuneko aktoreei zabaldu nahi diegu gure herrian eta eskualdean”.
Hori horrela, arte eszenikoen mundura lehen pausoa emateko, eukarazko tailer trinkoak antolatu dituzte: “Antzerkia jolas moduan euskara hutsean lantzea da gure erronka nagusia beste behin ere”. Saioetan antzerkigile ezagunekinekin egingo dute lan, eta parte hartzaile bakoitzak “bere sormenezko unibertso propioa” eraikitzea bultzatu gura dute, baita antzerkiak dituen forma desberdinak ezagutzea ere.
Hiru sortzaile. Lehen saioan, 6 eta 11 urte bitarteko gazteek mugimendua landu zuten Ziomara Hormaetxegaz. “Dantza egunerokotasunera eramateko aukera bat” dela uste du dantzari gernikarrak, eta ideia hori transmititu zien ikasleei. “Bakoitzak bere irudimenean eraikitako irudiak dira mugimendua lantzeko abiapuntua”.
Asteburu honetan Maren Basterretxea dantzari berriatuarrak hartuko du Hormaetxeren lekukoa. Haurrak txotxongiloen antzerkira hurbiltzea izango du xede bere tailerrak: “Ezagutzen al dugu txotxongiloen mundu zabala? Munduko kultura guztietan aurki daitekeen fenomenoa da titerea, eta material zein ezaugarri guztietakoak daude. Objektu sinpleenari irudimen eta teknika apur batekin bizia dario. Gizakion itxura hartzen dute, baina imaginatu ezin ditugun horiek ere egin ditzakete txotxongiloek, gure gaitasunetatik kanpo doaz”. Hori horrela, gorputza eta objektuak jolasean jarriko dituzte bertaratzen direnek, “txotxongiloen biziaren oinarriak ulertu eta praktikan jartzeko”.
Hirugarren saioa Eneritz Artetxek zuzenduko du, eta gorputzagaz, espazioagaz eta irudimenagaz jolastea du helburu. “Gorputz eta ahots adierazpena landuko ditugu, irudimenezko egoera ezberdinetan murgilduko gara eta hainbat pertsonaia gorpuzteko aukera izango dugu”, azaldu du antzerkigile gernikarrak. Jolas zein inprobizio ezberdinen bidez, sormena eta adierazpena jarriko dituzte martxan.
Izena ematea, beharrezkoa. Ikastaroetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela zehaztu dute antolatzaileek. Hori horrela, info@artedrama.eus helbide elektronikora idatzi edota hurrengo telefono zenbakira deitu beharko dute interesatuek: 686 19 82 64.
Ikastaroak
Maiatzak 15-16. Maren Basterretxeagaz saioak Astran, 6 eta 11 urte bitartekoentzat. Bi talde: 10:00-11:30 eta 12:00-13:30.
Maiatzak 22-23. Eneritz Artetxegaz saioak Astran, 6 eta 11 urte bitartekoentzat. Bi talde: 17:00-18:30 eta 19:00-20:30.